AKTUALITATEA


| 2022-04-27 18:06:00

Neskatilen, saregileen eta paketatzaileen lana aitortzeko EH Bilduren mozioa onartu du gaur Senatuak aho batez; 264 senatarik bozkatu dute alde. Idurre Bideguren senatariak defendatu du EH Bilduren egitasmoa gaurko osoko bilkuran. «Urte askotako borrokaren ondoren, sektorea itxaropentsu dago gaur. Garrantzitsua da gaur Senatuan adostasun zabala lortzea, ministroak aste gutxi barru itsasoko emakume langileen diskriminazioarekin amaitzeko borondatea erakutsi digun honetan», ziurtatu du.

Itsasoaren esparruan lan egiten duten gizon eta emakumeen arteko parekatze eraginkorra lortu arte, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduko ordezkariak; haren ustez, «ez da kasualitatea» arrantzaren munduko jarduera feminizatuena eskubide gutxien dituen kolektiboa izatea. «Hamarkadetako kultura matxistaren emaitza da», salatu du du. «Saregile, neskatila eta paketatzaileen lana duintzeko unea da. Emakume hauen lana ikusaraziz eta diskriminaziorekin amaituz. Itsasoko emakumeen lana, oso feminizatua izanik, gutxi baloratua izan da eta hori aldatzen ez bada, ez dago belaunaldi erreleborik».

Jose Luis Escriva ministroak berriki hitzemandako lege aldaketen aurrean, honakoa eskatzen du gaur onartu den EH Bilduren mozioak: besteak beste, lanbidea duintzeko eta egoera diskriminatzaileak gainditzeko beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzea; lanbide-gaixotasunen katalogoan sartzea laneko segurtasun eta osasun-erakundeek egindako txostenetan jaso diren eta beren jarduerari egotz dakizkiokeen gaitz guztiak; erretiroaren gutxieneko adina murrizteko behar diren arau-aldaketak premiaz egitea, koefiziente murriztaileak aplikatuz eta arrantza-sektoreko langileen izaera espezifikoa kontuan hartuta; neskatila eta paketatzaileen kotizazio-oinarriak handitzea, itsasoko araubide bereziko antzeko lanbideekin parekatzeko.

 

Lanbide ikusezina, argitara

Neurriok ezinbestekotzat jo ditu EH Bilduk arrantza-jarduerak behar bezala funtziona dezan. Arrantzaren sektorean, beste lan-eremu batzuetan gertatzen den bezala, gaur egun ere oraindik, emakume langileak gizonak baino baldintza okerragoetan daude, bai lan esparruan, baita babes sozial, aitortza eta balorazioaren ikuspegitik ere. Neskatilak, saregileak eta paketatzaileak gure portuetako eguneroko lanean funtsezkoak diren zeregin askotaz arduratzen diren emakume langileak dira. Hala salatu du Idurre Bideguren senatariak: «Ezinbesteko jarduera da arrantza-sektoreak behar bezala funtziona dezan. Hala ere, haien lana luzaroan ikusezin bihurtu da eta ez zaio aitortza, ordainsari ezta duintasun nahikorik eman».

Neskatilen salbuespenezko egoera konpontzeko eta aurrerantzean erretiroetan etekinik ez duten okupazio bakarrak ez izateko Escrivak esandakoak ontzat jo ditu Bidegurenek, albiste ona direla iritzita, baina azkartasuna eskatu du: «Ez dut zalantzan jartzen gobernuaren borondate politikoa gai honetan, baina, legea onartu arte, diskriminazio argia egongo da». Hori gerta ez dadin, Bidegurenek honakoa iragarri du: «Jarraipena egingo dugu eta adi egongo gara sektoreko langileek eskakizunak bete daitezen. Lege aldaketak premiazkoak dira, babes sozial justua lortzeko. Ezinbestekoa da da diskriminazioarekin amaitzea, eta garrantzitsua da lan hau duintzea; daudenengatik, egon zirenengatik eta etorkizunean egongo diren horiengatik».

 

Ahalegin fisiko handia

Lan horiek ahalegin fisiko handia eskatzen dutela gogorarazi du Bidegurenek; oso urtarokoa da, aurrez zehaztutako ordutegirik gabea, prestasun osoa eskatzen duena eta gehienetan hotz eta hezetasun handiko baldintzei eutsiz egiten dena. «Urte askotan, lan hori ez zen produkzio-jardueratzat ere hartzen, eta erregularizazio falta erabatekoa izan da. Zorionez, sektore horren aitortzan eta profesionalizazioan aurrerapausoak eman dira, baina, hala ere, badira Gizarte Segurantzarekin lotutako aldarrikapen historikoak, urte askotan izoztuta geratu direnak», ohartarazi du EH Bilduren senatariak.

EH Bilduren arabera, gaur onartutako mozioak balio beharko luke aldarrikapen horiei erantzuteko eta lan-eremu feminizatu honetan dagoen diskriminazio argia ezabatzeko. Bada garaia arrantza-sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminaziorik eza eta babesa zainduko dituzten lege-aldaketak egiteko eta, horrela, emakume horien lana duintzeko.