AKTUALITATEA


| 2025-05-14 07:48:00

EH Bilduk Kongresura eraman du Euskal Herriko hezkuntza eragile eta erakundeek, Euskal Herriko Unibertsitatea barne, Espainiako Gobernuk esku artean duen unibertsitate berriak sortzeko dekretuaren aurka erakutsi duten jarrera irmoarekin. Marije Fullaondo diputatuak ohartarazi du proiektuak euskal erakundeen eskumen esklusiboak urratzen dituela, eta ez datorrela bat "gure herriak gai honetan dituen errealitatearekin eta beharrekin".

Diputatu subiranistak Diana Morant ministroari exijitu dio euskal unibertsitateek eta erakundeek aurkeztutako alegazio eta kexuak kontuan hartzeko: "Benetan uste baduzue eskumenik urratzen ez duela, eralda ezazue dekretua eta bihur ezazue lege dekretu. Ekar ezazue hona eta ziurta dezagun ez direla gure eskumenak urratzen. Hala bada, ez izan zalantzarik babestu egingo dugula".


Dekretu kolpez

EH Bildu ados dago unibertsitate berrien kalitatea kontrolatu, mugatu eta ziurtatzeko premiarekin. Hego Euskal Herrian gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten eta interes partikularrak dituzten unibertsitate pribatuak ugaritzen hasteko arriskuaz ere jakitun da. Horren harira, Fullaondok ministerioaren formak kritikatu ditu: "Erkidego batzuetan gertatzen ari dena ez da aitzakia, Errege Dekretu baten bidez, gure unibertsitateetan inposatzeko".

"Ez dugu nahi unibertsitate izendapena duen prestakuntza zentrorik, zalantzazko kalitate eta helburuekin, eta ikerketa jarduerarik gabe. Benetako unibertsitateak nahi ditugu. Gutxieneko estandarrak beteko dituztenak, bai irakaskuntzaren kalitatean, baita ikerketan ere. Baina Madrildik ez, gure herritik egitea dagokigu, gure tresna eta lege propioekin", nabarmendu du EH Bilduko diputatuak. Amaitzeko, atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioen transferentzia berreskuratzeko eta Auzitegi Gorenak jarritako betoa gainditzeko lortutako akordioa ospatu du Fullaondok.

 

"Akordioa lortzeko garaiz"

EH Bilduri emandako erantzunean, Morant ministroak konpromisoa hartu du lurralde guztien "eskumenak zorrotz errespetatzeko" eta prest agertu da proiektuan aldaketak egiteko. "Jakin badakigu autonomia erkidego guztiek ez dutela berdin jokatzen. Euskal zientzia sistematik eta euskal unibertsitate sistematik ikasi beharko lukete askok. Ministerioko atea zabalik dago autonomia erkidegoentzat eta talde parlamentarioentzat. Forman eta edukian akordio batera iristeko garaiz gaude oraindik", adierazi du.