AKTUALITATEA


| 2025-05-08 10:58:00

Senatuko Nazioarteko Lankidetza Batzordeak EH Bilduren mozio bat onartu du gaur, Espainiako Gobernuari eskatzeko Nazio Batuen esparruan, beste herrialde batzuekin koordinatuta, Sudango Errepublikako herritarrak babesteko nazioarteko erantzun bat bultza dezala, arreta berezia jarriz emakume eta haurrengan. EH Bilduk, ERCk, PSOEk, PPk, EAJk eta Ezker Konfederalak babestutako erdibideko zuzenketa bati esker, Senatuak argi berdea eman dio sexu indarkeria prebenitzeko eta dokumentatzeko mekanismo eraginkorrak indartzeari, baita biktimentzako zerbitzu integralak emateari ere, "laguntza humanitarioa modu eraginkorrean jasotzea ziurtatuz".

Sudan indarkeria gorakada larrian eta gerra zibilean murgilduta dago duela bi urtetik, eta krisi humanitario, desplazamendu eta babesgabetasun handienetako bat eragin du munduan: 18.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, eta ia bederatzi milioi pertsona behartuta desplazatu behar izan dira herrialde barruan. Herrialdetik ihesi doazenek, berriz, migrazio bide hilgarrietan arriskatu behar izan dituzte haien bizitzak, leku seguru batera iritsi nahian.

 

Ekintza humanitarioa genero-ikuspegiarekin

Ildo horretan, EH Bilduk bultzatutako ekimenak genero-ikuspegidun ekintza humanitarioa sustatzea galdegiten du, gobernuz kanpoko erakundeekin eta Sudanen diharduten giza eskubideen aldeko ekintzaileekin elkarlanean, laguntza humanitario eraginkorra ziurtatuz. Sudan barruan eta kanpoan giza eskubideen defendatzaileei laguntza ekonomikoa eta babes politikoa emateaz gain, nazioarteko babeseko, aldi baterako asentamenduetarako eta laguntza programetarako sarbidea errazteko eskatzen dio mozioak gobernuari.

Gehiengo zabalarekin onartutako eta Olaia Duarte senatariak defendatutako mozioak dio herrialdetik atera nahi duten guztiei nazioarteko babes-prozedurarako sarbidea erraztu behar zaiela, une oro banakako ebaluazio-prozesuak bermatuz eta erantzun eraginkorra, ordenatua eta nazioarteko zuzenbidearekin bat datorrena ziurtatuz, Europako Batasuneko herrialdeekin lankidetzan.

 

Sexu indarkeria, gerra arma gisa

Duartek pozik hartu du proposamena onartu izana, eta arreta jarri du emakumeek eta haurrek jasaten duten sexu indarkerian, torturatutako eta inanizioaren ondorioz hildako pertsonetan, atxiloketetan eta hilketetan edo merkatu, ospitale eta lekualdatutako pertsonen eremuen eginiko bonbardaketetan: "Kezkagarria da sexu indarkeria gerra arma gisa erabiltzea. Bortxaketak, sexu esklabutza, behartutako ezkontzak edota haur eta nerabeen errekrutatzea daude dokumentatuta. Horren isla da Nazio Batuen Erakundeakk Sudanerako duen misio independentearen txostena: ondorioztatu du sexu indarkeria eskala handian egiten ari direla, esklabutza kasu ugarirekin".

Senatari subiranistak ohartarazi du, gainera, azken hilabeteotako ahalegin eta esfortzuek ez dutela lortu geroz eta handiagoak diren beharrak asetzea. "2024an, Sudandik etorritako 10.000 pertsonak asiloa eskatu zuten Europako Batasunean, Mediterraneoko ibilbide hilgarrian bizia arriskatu ondoren, bide legal eta segururik gabe jarraitzen dutelako eta Espainiako Estatuak ezarritako zailtasunengatik. Melillako sarraskiakn gutxienez 37 pertsona hil ziren, horietako asko sudandarrak, hesitik sartzea eragotzi zietenean", salatu du Duartek.