Senatuko Arrantza Batzordeak EH Bilduren proposamen bat onartu du gaur, Espainiako Gobernuari eskatzeko berdelaren stocka eta euskal flotaren errentagarritasuna hobetzeko neurriak har ditzala. Berdelaren arrantzan tresna txikiekin lan egiten duten arrantzaleen egoera konpentsatzeko neurri ekonomikoak galdegiten ditu EH Bilduren proposamenak, baita sektoreari erantzun egokia emateko garrantzitsuak diren arlo ezberdinetan ikertzen jarraitzeko baliabide gehiago inbertitzea ere. "Kudeaketa estrategia jakinak berrikusi behar dira, eta arrantza tresna selektiboenei egonkortasun handiagoa bermatuko dieten neurriak sustatu behar dira, neurri murriztaileagoak bultzatzeaz gain, berdelaren arrantza modu ez iraunkorrean ustiatzen duten herrialdeen lankidetza faltaren aurrean", zehaztu du mozioak.
Baxurako euskal flotaren kezka handienetako bat da, Idurre Bideguren EH Bilduren Senatuko bozeramaileordeak ohartarazi duen bezala. 2025eko berdelaren kanpaina azken hamarkadako kanpainarik txarrenetakoa izan da, bereziki espezie hori amuarekin harrapatzeko zailtasunagatik. Egoera "kritikoa" dela uste du Bidegurenek: "Euskal ontziolek aurten haien gaitasunen %14a baino ezin izan dute harrapatu. Datuek egoeraren larritasuna islatzen dute. Harrapaketa txikiago hori ez da konpentsatu prezio handiagoarekin; beraz, ekonomikoki hondamendia izan da".
Ordezkari subiranista ere kezkatuta mintzatu da berdelaren hilkortasunaren gorakadarekin, zientzialarien arabera, "berdelaren populazioak behera egiten jarraitzen baitu". "Laguntza ekonomikoak, baliabide gehiago eta konpentsazio neurriak premiaz hartu behar dira, arrantzarik artisauena desager ez dadin", nabarmendu du.