EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio eskubide eta askatasunetan zintzilik dauden aurrerapenak desblokeatzeko eta onartzeke dauden legeak martxan jartzeko. Aizpuruak zuzenean aipatu ditu: "Lanaldi-murrizketa blokeatuta dago. Aldi baterako alokairuak mugatzeko legea eta Mozal Legearekin amaitzeko lege berria ere blokeatuta daude. Deslokalizazioak saihesteko industriaren legea, demokratizazi plana, amiantoaren biktimen funtserako araudia, industria elektro-intentsiborako laguntzak, migratzaileak erregularizatzeko egitasmoa... Denak daude blokeatuta. Hori da errealitatea, Sanchez jauna».
Bere erantzunean, Sanchez presidenteak «egiteke dauden lege-proiektuak ahalik eta azkarren tramitatzeko» konpromisoa hartu du. Aizpuruak ohartarazi du soilik «datu ekonomiko handiekin eusteak ez duela balio», eta gogorarazi du ia legegintzaldi erdia igaro dela. «Bada garaia agenda sozialean eta plurinazionalean aurrera egiteko, eskuinak eta elite ekonomikoek esaten dutena esaten dutela», ziurtatu du ordezkari subiranistak gaurko kontrol saioan.
Ildo horretan, zintzilik dauden gai guztiak martxan jartzeko prozesua bizkortzeko eta aurrera egiteko deia egin dio Sanchezi. «Ez dezagun denbora gehiago galdu. Langileen gehiengoarentzat egiteke dauden eskubide eta askatasunen aurrerapen guztien blokeoa amaitu egin behar da».
Eskuinaren agenda atzerakoia
Aizpuruak bi arrazoiri egotzi die legeen blokeoa: «Batetik, Espainiako eskuinarekin lerrokatuta dauden indar batzuek gehiengo sozial eta langileen aurkako agenda atzerakoia ezartzen dutelako, eta, bestetik, gobernuari ausardia eta determinazioa falta zaiolako». Hori dela eta, Sanchezi exijitu dio lanari ekiteko eta egiteke dauden aurrerapenak desblokeatzeko. «Euskal herritarrak aurrerapen horien guztien zain daude, hori erabaki baitzuten hautestontzietan: aurrerapenak eta konkistak. Horretarako ireki genuen legegintzaldi honetako aukera leihoa», amaitu da.