Idurre Bideguren EH Bilduren Senatuko bozeramaile ondokoak interpelazioa luzatu dio Mónica García Osasun ministroari Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten Mutuekin sinatutako hitzarmenek osasun-sistema publikoan duten eraginaren inguruan. Zehazki, lan-biztanleria aktiboari zuzendutako osasun-arretaren baitan, jatorri traumatologikoa duten aldi baterako ezintasun-prozesuen funtsezko zati bat kudeatzeko egin zaien kontzesioa izan du hizpide.
Hain justu, senatari subiranistak kezka agertu du akordio horren aurrean. “Oinarrian dagoen ideia da osasun sistema blokeatuta dagoela eta horrek laneko baja prozesuak luzatzen dituela askotan”, ziurtatu du hitzaldiaren hasieran. “Egoera honen aurrean, osasun sistema publiko baten aldeko apustua egiten badugu, logikoena litzateke osasun sistema publikotik erantzutea, berau indartuz; prebentzio, laguntza eta errehabilitazio terminoetan”.
Hala ere, bozeramaile ondokoak agerian utzi duenez, mutuen esku eskumen gehiago utzi dira: zehazki, argi berdea eman zaie mutuei langile aktiboen patologia muskulueskeletikoen diagnostikoak, tratamenduak, errehabilitazioak edo ebakuntza kirurgikoak beren gain hartzeko.
__________________________________________________________
“Mutuen izaera pribatua kontuan hartuta, bateragarriak al dira Gizarte Segurantzako sistema publiko bat izateko aginduarekin?”
________________________________________________________
Senatariak salatu duenez, erabaki horrek EH Bilduren zein euskal gehiengo sindikalaren kezka piztu du, eta azalpenak eskatu dizkio Osasun ministroari, “Osasun Sistemaren pribatizazioa eta Gizarte Segurantzaren pribatizazioa” bultzatzen ari delako.
“Ez dezagun ahaztu mutualitateak enpresaburuen elkarte pribatuak direla eta, beraz, helburu ekonomikoa jartzen dutela beti osasun-babeserako edo gizarte-babeserako edozein helbururen aurretik. Eta, hala ere, izaera publikoko ardurak kudeatzen ari dira. Mutualitateen izaera pribatua kontuan hartuta, beraz, bateragarriak al dira Gizarte Segurantzaren sistema publiko bat izateko aginduarekin?”, argudiatu du Bideguren senatariak.
Anomalia Europan
Horregatik guztiagatik, mutualitateen sistemak hausnarketa “zintzoa” eta “erabakigarria” behar duela esan du Bidegurenek, eta Europa mailan anomalia bat dela nabarmendu du: “Europako herrialde gehienetan mutualitateen rola zehaztuz joan dira, aseguratzaile gisa edo Gizarte Segurantzan bertan integratuz, osasun arreta osasun baliabide publikoei esleituz. Hortaz zergatik ematen du Espainiako Estatuan sistema pribatu batek lan jatorriko kalteen osasun laguntza?”.
Errealitate horren aurrean, Bidegurenek azpimarratu du hitzarmen horiek sinatzeak osasun sistema publikoaren eskumenetan sartzea dakarrela, eta osasun asistentzia ereduari eragiten diola, eraginkortasun ekonomikoaren ikuspuntutik “zentzugabekeria” hutsa izateaz gain. “Apurka-apurka 2 abiadurako osasun sistema bat sortzeko arriskuaren aurrean gaude. Bata arinagoa, lan-biztanleria aktiboarentzat, ahalik eta azkarren sendatu dadin, eta bestea gainerakoentzat. Herritarrek galdutako konfiantza berreskuratzeko baliabide gehiago eskaini eta zerbitzuaren kalitatea hobetu behar dira”, ondorioztatu du.