AKTUALITATEA


| 2024-11-19 18:13:00

Olaia Duarte EH Bilduko senatariak hitza hartu du gaur Senatuan, Gobernuaren kontrol saioaren baitan, eta Diana Morant Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroari atzerriko titulazioen homologazio eta baliokidetasun tramiteak azkartzeko eskatu dio, eskumena eskuz aldatu bitartean.

Izan ere, Duartek azpimarratu duen moduan, aurtengo otsailean iragarri zen akordioaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atzerriko unibertsitate-tituluen estatu-mailako homologazioa transferitu behar zitzaion, pertsona askori beren prestakuntzarekin bat datorren lanbide arautu batean sartzeko aukera eman ahal izateko.

Hala ere, uztailean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen eskumen horren transferentzia agintzen zuen Estatuko dekretua. Hain zuzen ere, jada Gernikako Estatutuan jasotzen zen eta inoiz garatu ez den eskumenetako bat da, aspalditik Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharko lukeena, eta Nafarroako Parlamentuak ere aho batez eskatu duena.

“Transferentzia hori eskatzen dugu, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga inposatuaren igarobidean dauden migratzaileekin lan egiten duten erakunde askok eskatzen duten bezala, eta gure herriarentzat estatus berri bat eta autogobernu handiagoa eskatzen dugulako, kasu honetan, migrazio politikan”, erantsi du senatariak.

 

Milaka profesional zain

“Arazo hau kudeatzeko dugun gaitasunak blokeatuta jarraitzen du uda honetatik aurrera epaitegietan, Homologación Justa Ya kolektiboak gogorarazten digun bezala. Dagoeneko milaka dira haien homologazioen eta baliokidetasunen zain dauden profesionalak, lan-merkatura txertatu ahal izateko, eskulan hori behar duen gizarte batean gainera”, salatu du Duartek.