Indarrean dauden ezkutuko sozialeko neurri asko eroriko dira abenduaren 31n horiek mantentzeko akordiorik ezean. Horren harira, familia zaurgarrien etxegabetzeen eta oinarrizko horniduren mozketen debekuak (argia, ura eta gasa) mantentzeko eskatu dio Mertxe Aizpurua bozeramaileak Espainiako Gobernuko presidenteari; bi neurri horiek duela urtebete adostu zituen talde subiranistak gobernuarekin, eta mantendu ezean, urte amaieran indarrean egoteari utziko diote. Garraio publikoaren eta bonu sozial elektrikoaren laguntzak luzatzea ere galdegin du EH Bilduk.
Aizpuruaren hitzetan, neurri horiek guztiak «koltxoi bat» izan dira azken urteotan milaka eta milaka herritarrentzat. «Ezin dugu onartu babes sare hori desagertzea». Zarata, iraina eta etengabeko antzezpen nagusi diren testuinguru batean, Aizpuruak uste du indar politiko guztien betebeharra dela herritarren lehentasunen alde lan egitea: «Herritarrei bermeak eskaintzea eta gehiengo sozialaren eta langilearen bizi baldintzak hobetzea da gure zeregina». Ildo horretan, EH Bilduk premiazkotzat jo du bertan behera geratzeko arriskuan dauden neurri sozialak luzatzea, PAH eta Stop Desahucios kolektiboek berriki eskatu duten bezala.
Asteazkeneko kontrol saioan, Aizpuruak arreta berezia jarri du bizitoki alternatibarik ez duten familia zaurgarrien etxegabetzeen debekuan eta argia, ura eta gasa bezalako oinarrizko horniduren mozketen debekuan. «Justiziazko eta zentzuzko bi neurri dira, iaz gobernuarekin adostu genituenak. Garraio publikoaren eta bonu sozial elektrikoaren laguntzak ere mantentzeko eskatzen dugu», nabarmendu du.
Akordio berri bat
Bozeramaile suberanistak jakinarazi dagoeneko lanean ari dira gobernuarekin, ezkutu sozialeko neurri horiek luzatzeko akordio berri bat lortzeko asmoz. Behar-beharrezkoak diren neurri sozialak mantentzeko akordio berri bat lortzeko konpromisoa agertzeko eskatu dio Aizpuruak Sanchezi. «Eta, horrela, lasaitasun eta ziurtasun mezu bat bidaltzea neurri horiek menpe dauden herritar guztiei».
EH Bilduri emandako erantzunean, Sanchez presidenteak adierazi du «prest» dagoela horretarako, eta gobernuak urteotan martxan jarritako politika sozioekonomikoak nabarmendu ditu: «Sei urteotan erakutsi dugu bateragarria dela hazkunde ekonomikoa eta aberastasuna birbanatzea». EH Bilduren aburuz, hori lortzeko biderik egokiena urtea amaitu baino lehen dekretu bat onartzea da, hala espero baitute milaka herritarrek.