EH Bildu harrituta agertu da hainbat alderdik azken orduotan iragarri dituzten akordioekin, gaur-gaurkoz ez baitute onartuak izateko babes nahikorik. Ezkerreko talde subiranistak ez du elikatuko zalantzazko dinamikarik, guztiz kontziente baita inbestidura ahalbidetu zuten indar guztien boto guztiak beharrezkoak direla edozein akordio onartzeko. Baita gai honetan ere. EAJk eta Juntsek ez dute babesik energetiken gaineko zergarekin amaitzeko edota bankuena arintzeko, eta Sumarrek jakinarazitako akordioak ez du bideragarritasunik ziurtatuta. Horregatik, EH Bilduk arduraz jokatzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta indar guztiei.
Indar ezberdinen artean dauden beto gurutzatuen aurrean, eta negoziazio dinamika oker honek sortu duen blokeo egoeraren aurrean, EH Bilduk PSOEri dei egin dio talde guztiekin berriro negoziatzen has dadin, akordio zabal, orekatu eta global bideragarri bate lortzeko asmoarekin, energia eta bankuen zergak mantenduta, trantsizio ekologikoari edo mikroenpresentzako neurriei dagokienez beste talde batzuek eginiko proposamenekin batera. EH Bildu jakitun da ez dela lan erraza izango, baina prest dago akordioa lortzen saiatzeko, eta espero du talde guztiek prestasun bera izatea egungo blokeoa gainditzeko.
Zergak bertan behera uzteko arrazoirik ez
Energiari eta bankuei egindako zergek bi urte daramatzate indarrean, eta emaitza onak izan dituzte. Zerga horien sorrera talde politiko guztiek babestu zuten, PPk, VOXek eta UPNk izan ezik. Denbora horretan, enpresa horiek irabazi errekorrak lortu dituzte, eta egoera ez da aldatu. Ondorioz, EH Bilduk uste du ez dagoela arrazoirik zergak bertan behera uzteko eta enpresa handi horiek diru-kutxa publikoei egiten dizkieten ekarpenak kentzeko. Energiaren eta bankuen gaineko zergari eustea euskal herritarrek eta gehiengo sozialak partekatzen duten beharra da, eta hala defendatzen jarraituko du EH Bilduk negoziazioan.
Energia konpainia batzuen interes, ohartarazpen eta mehatxuen gainetik, EH Bilduk alderdi guztiei eskatu die gizarteen beharrak erdigunean jartzeko, gehiengoaren zerbitzura dagoen politika fiskal justu eta ekitatibo baten bidez eta progresibitate printzipioan oinarrituta, gehien duenak gehiago ordain dezan.