AKTUALITATEA


| 2026-05-13 10:38:00

EH Bilduk, ERC, BNG, Compromis, Podemos eta Sumarrekin batera, Saif Abukeshek herri palestinarraren aldeko aktibista eta Global Sumud Flotillako kidea Diputatuen Kongresuko Kanpo Arazoetarako Batzordean agertzea eskatu du.

Alderdi sinatzaileek Abukeshek Israelgo indarrek Mediterraneoko nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren misio humanitarioaren barruan atxilotu izanaren arrazoien eta inguruabarren berri emateko eskatu dute. Halaber, agerraldian atxilo-aldian jasotako tratua eta Espainiako Estatuko agintariek egindako kudeaketa kontsularrak eta diplomatikoak azaltzeko eskatu dute.

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da gertatutakoa argitzea, baita Gazara laguntza humanitarioa eraman eta palestinar herriari ezarritako blokeoa salatzeko helburua duen misio zibil eta humanitarioaren aurrean Israelek izandako jarrera Kongresuak aurrez aurre ezagutzea ere.

Gainera, nazioarteko uretan aktibistak atxilotzea oso larria dela uste du EH Bilduk, eta egoera honek erantzun politiko, diplomatiks eta instituzional irmoa eskatzen duela. Ildo horretan, berriro eskatzen dio Espainiako Gobernuari irmo joka dezala Israelek egindako nazioarteko zuzenbidearen urraketen aurrean, eta berma dezala Palestinarekiko elkartasun ekimenetan parte hartzen duten pertsonen babesa.