AKTUALITATEA


| 2026-04-30 13:03:00

EH Bilduk, ERC, BNG, Compromis, Sumar eta Podemosekin batera, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroaren premiazko agerraldia eskatu du Espainiako Diputatuen Kongresuan, Israelgo Estatuak Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoaren aurrean. Eskatu diote azal ditzala helburu baketsu eta humanitarioekin Global Sumud Flotillan Gazara bidean parte hartzen duten itsasontziak eta pertsonak babestu eta laguntzeko Kanpo Arazoetako Ministerioak hartuko dituen ekintzak eta erabakiak.

Alderdi sinatzaileen arabera Israelgo Estatua flotilla legez kanpo erasotzen ari da, Global Sumudeko kideak bahituz, eta, nazioarteko legedia eta Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena urratuz.

Azken informazioen arabera, Israelek 175 pertsona bahitu ditu, horien artean gutxienez zazpi euskal herritar. Hori dela eta, premiaz jardutea eskatzen du EH Bilduk, eta bahitutako pertsona guztiak berehala askatzea eskatu du. Era berean, erantzun irmoa eskatzen du Israelen nazioarteko legediaren urratzeen aurrean, eta, blokeoaren eta zigorgabetasunaren auran, Palestinako herriarekiko elkartasun zibila aldarrikatzen du.