EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak Espainiako Gobernuari eskatu dio 1976ko Montejurrako (Nafarroa) gertakarien biktimen eskaerei erantzuteko eta gertatutakoa argitzen lagun dezaketen dokumentu guztiak desklasifikatzeko.
Pozuetak gogorarazi duenez, 1976ko maiatzaren 9an, Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituzten, hainbat pertsona zauritzearekin batera, eskuin muturreko faxistak Montejurrako karlismoaren urteroko ekitaldiaren aurka egindako eraso batean. Salatu duenez, gertakari horrek «polizia-indarren parte-hartzea eta konplizitatea ere izan zuen», eta «Estatuaren parte-hartzea agerian gelditu zen». «Gertakari horiek sekretismoz eta inpunitatez estalita daude oraindik», adierazi du.
Nafarroako Parlamentuak onartu berri dituen eskaerak helarazi dizkio diputatu subiranistak Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroari: biktimen aitortza publikoa, haien familiei eta alderdi karlistari erreparazioa, gertakariekin zerikusia duen dokumentazioaren desklasifikazioa eta Jurramendi memoria-leku izendatzea.
Pozuetak azpimarratu duenez, Sekretu Ofizialen Lege berriak «itxita dauden ateak irekitzeko» balio behar du, baita Estatu-indarkeria kasuak argitzeko ere. EH Bilduren ustetan, artxiboak itxita dauden bitartean ez da memoria demokratiko osorik egongo, ezta biktimentzat aitorpen eta erreparaziorik ere.