EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchez presidenteari “azkartzea” eskatu dio, legegintzaldiaren azken txanpari aurre egiteko eta oraindik gauzatu gabe dauden eraldaketa sakonak aurrera ateratzeko. Aizpuruak “anbizio soziala eta plurinazionala; borondatea eta determinazioa” galdegin dizkio Sanchezi, egiteke dauden erronka guztiei erantzuteko. “Denbora agortzen ari da”, esan dio.
Kongresuko kontrol saioan, bozeramaile subiranistak ohartarazi du “urtebete besterik ez dela gelditzen auzi askori erantzuteko”, eta azpimarratu du “legegintzaldiak benetako bultzada sozial eta plurinazionala behar” duela.
EH Bilduk lehentasunezkotzat jotzen dituen neurrien artean, Aizpuruak honako hauek aipatu ditu: lanaldiaren erregistroa, “ordaindu gabeko aparteko orduen iruzur handiarekin amaitzeko”; etxebizitza modu espekulatiboan erostea debekatzea; kaleratze bidegabeen ondoriozko kalte-ordain bidezkoak berreskuratzea; Sekretu Ofizialen lege berri bat, “sekretuarekin eta inpunitatearekin amaituko duena”; euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna Europan; eta autogobernua zabaltzea.
Aizpuruak nabarmendu du, gainera, iniziatiba horiek, eskuinek atzera bota dituzten bestelako neurriekin batera —hala nola lanaldia murriztea, familia zaurgarrien etxegabetzeen aurkako babes-neurriak, edota energia-enpresa handiei ezarritako zerga—, milioika pertsonaren bizitzan eragin positiboa izango luketen sakoneko aldaketak ekarriko lituzketela. “Badakigu aritmetika ez dela erraza, baina saiatzeko eta egiteke dauden eraldaketa guztiak bizkortzeko unea da”, gaineratu du.
Espainiako Gobernuari egindako eskakizun horiekin batera, Aizpuruak berretsi egin du EH Bilduren konpromisoa “Mozal Legearekin amaituko duen Askatasun eta Herritarren Segurtasunerako Lege berria” aktibatzeko, baita legez kanpoko etxebizitza turistikoen publizitatea debekatzeko eta “iruzurrezko negozio honekin” amaitzea ekarriko lukeen legeari bide emateko ere.
Halaber, EH Bilduk gure nazioen errealitate sozioekonomikora egokitutako Gutxieneko Soldata Propioa lortzeko proposamena bultzatuko du, eta berriro eskatu du egiteke dauden eskualdaketak burutu daitezen, “gure autogobernurako eta euskal herritarren ongizate sozialerako giltzarri” baitira.