AKTUALITATEA


| 2023-03-10 11:18:00

Lan erreformatik kanpo geratu ziren eskubideak berreskuratzeko eta zabaltzeko lege proposamena defendatuko du EH Bilduk Kongresuan. Datorren astearteko osoko bilkuran eztabaidatuko den egitasmoak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du indarrean dagoen legean ez dauden neurriak onartzea. Bereziki, kaleratzeen aurkako babesari eta prekaritatearen aurkako borrokari buruzko lehentasunezko gaietan jarri du arreta proposamenak. Ezkerreko talde subiranistaren helburua da indarrean dagoen legea osatzea eta langileen baldintzak hobetzea.

EH Bilduk uste du ez direla erabat indargabetu 2010eko eta 2012ko lan erreformek txertatu zituzten neurri kaltegarrienak. EH Bilduren arabera, gobernuak 2021eko abenduaren 28an onartutako lege aldaketak ez ditu zuzendu EH Bildurentzat ezinbestekoak diren elementuak. Hori dela eta, langileei eskubide hobeak bermatzearekin bat datozen eragile guztiekin lankidetzan aritzeko borondate osoarekin, EH Bilduk martxoaren 14ko osoko bilkurara eramango du ERCren eta BNGren eskutik aurkeztutako lege proposamena.


Kalte-ordainak handitzea eta itunen estatalizazioa amaitzea

Besteak beste, EH Bilduk honako neurri hauek proposatu ditu ERCrekin eta BNGrekin batera aurkeztutako proposamenean: lurraldeko hitzarmen autonomikoak lehenestea itunen estatalizazioa amaituz, kaleratze bidegabeen kalte-ordainak handitzea, kaleratzeak egiteko arrazoiak aldatzea, tramitazioko soldatak berreskuratzea, prekaritateari, partzialtasunari eta ezegonkortasunari aurre egitea, negoziazio kolektiboa indartzea eta azpikontratazioan aldaketak egitea langile guztien eskubideak parekatzeko.

"Helburu nagusia lan merkatua eta langileen bizi baldintzak eraldatzea da. Horretarako, gure herriek subiranotasun osoa ez duten bitartean, Espainiako Estatuan esparru juridiko berri bat eraikitzeko lan egingo dugu, langile guztien eskubideak benetan bermatuko dituena eta nazioen errealitate sozioekonomiko eta sindikala errespetatuko dituena", zehazten du egitasmoak.


Bateragarria, ez baztertzailea

Lege proposamena eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko eztabaidaren abiapuntu izatea espero du EH Bilduk, negoziazio eta akordio prozesu batean amaitzeko. Proposatutako egitasmoak "bateragarria eta ez baztertzailea" izan nahi du Espainiako Lan Ministerioak iragarritako proiektuekin. "Akordio sozial eta parlamentario zabala lortzea da gure asmoa, langileen aldarrikapenei erantzungo dien anbizio handiko lege eraginkor bat onartzeko", adierazi dute indar sinatzaileek.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk dei egiten die Kongresuko diputatuei berriro ere gehiengo zabala eratzeko, gobernua osatzen duten alderdien eta ezkerreko indar subiranisten sostenguarekin. "Guztion artean, proposamen hau Kongresuan tramitatzea lortu behar dugu, horrekin batera Estatuko langileen eskubideak berreskuratzeko negoziazio bati ekiteko", nabarmendu du.