AKTUALITATEA


| 2025-03-31 07:17:00

Angel Salas Larrazabal jeneralari emandako kondekorazioak berehala kentzeko eskatuko du EH Bilduk gaur arratsaldean Senatuko Defentsa batzordean. Otxandiokoa (Bizkaia) izan zen euskal herritarren aurkako lehen bonbardaketa (Durango eta Gernikakoaren aurretik), eta Angel Salas Larrazabalek pilotu gisa parte hartu zuen sarraskian. Espainiako militar frankistek 61 pertsona erail zituzten, eta zauritu ugari eragin. Hegazkinez egindako bonbardaketan herria suntsitu zuten, estatu kolpea hasi eta lau egunera. Josu Estarrona senatariak defendatuko duen mozioak Salas Larrazabalek jasotako dominak berrikusteko eta atzera botatzeko eskatzen du, hain justu bonbardaketa gertatu zenetik 89 urte betetzen direnean.

Otxandioko sarraskiaren arduradun nagusietako bat izan zen Salas Larrazabal. Bigarren Mundu Gerran naziekin batera aritu zen, eta Francoren diktadura garaian senatari izendatu zuten. 1991n Felipe Gonzalezen gobernuak Aireko Armadako jeneralaren ohorezko izendapenarekin saritu zuen, «aparteko merituak» egiteagatik. Estarrona senatariak onartezintzat jo du 89 urte geroago sarraski horren erantzule zuzenetako batek oraindik ere dominak mantentzea. Hori dela eta, lehenbailehen presazko neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Espainiako Gobernuaren konpromisoa

EH Bilduren galdera bati erantzunez, Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroa prest agertu zen duela urtebete Angel Salas Larrazabali kondekorazioa kentzeko aukera aztertzeko, eta norabide horretan «beharrezkoak diren urrats guztiak» egiteko konpromisoa hartu zuen ezkerreko talde subiranistarekin. Ministroak baieztatu zuen Memoria Demokratikoaren Legearen artikulu guztiak zorrotz beteko dituztela, tartean 42. artikulua, balio demokratikoen eta giza eskubideen kontrako jokabideen ondorioz kondekorazioak kentzeko aukera ematen duena. Zehazki, artikulu horri egiten dio erreferentzia EH Bilduren egitasmoak.