AKTUALITATEA


| 2025-04-09 09:46:00

Espainiako Auzitegi Gorenak atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko eskumenaren transferentzia baliogabetu ostean, EH Bilduko diputatu Marije Fullaondok Unibertsitate ministroari eskatu dio martxan jar ditzala beharrezko mekanismo guztiak behin betiko eskualdatzea lehenbailehen gauzatzeko.

Fullaondok erantzun azkar bat galdegin du, homologazioaren eskatzaileei inolako tramite burokratikorik eskatu gabe: «Espainiako Gobernuari premiazko irtenbide bat eskatzen diogu Auzitegi Gorenak unibertsitate tituluen homologazioaren eskualdatzeari jarritako betoaren ondorioz linboan geratu diren 200 espedienteentzat. 200 pertsona dira, asko eta asko homologazioaren zain urteak daramatzatenak euskal zerbitzu publikoetan lan egin ahal izateko».

EH Bilduko ordezkariari emandako erantzunean, Diana Morant ministroak konpromiso zuzena hartu du ofizioz eta automatikoki ebazteko unibertsitateko tituluen homologazioa eskualdatzeari jarritako betoaren ondorioz linboan geratu diren 200 espedienteak: «Nire konpromisoa duzue Eusko Jaurlaritzaren bidez tramitatzen hasi ziren lehen espedienteak linbo batean gera ez daitezen. Beraz, ofizioz egingo dugu, erakundeen arteko lan eraikitzaile horrekin espedienteak zuzenean ministerioari eskualdatu ahal izateko eta, besterik gabe, eskatzaileen berrespe hutsarekin Zientzia Ministerioak izapidetu ahal izateko».

Morantek gogorarazi du atzo bertan Espainiako Gobernuak aldebiko bilera egin zuela Eusko Jaurlaritzarekin, eskumenaren transferentziari berriro ekiteko lehenbailehen: «Borondate osoa dugu hori posible egiteko».