EH Bilduk, beste bederatzi indar politikorekin batera —ERC, BNG, EAJ, Geroa Bai, Compromís, Junts, Más Madrid, Agrupación Socialista Gomera y Eivissa i Formentera al Senat—, eskaera bat erregistratu du gaur Senatuan, hemiziklorako sarrerako korridorean dagoen Manuel Fraga Iribarneren bustoa kendu dezaten eskatzeko.
Eskaerak Memoria Demokratikoaren Legea du oinarritzat (2022ko urriaz geroztik dago indarrean); hain justu, arau honek biktimek egiarako duten eskubidea aitortzen du, oinarrizko eskubide urraketak ez errepikatzeko memoria-betebeharra ezartzearekin batera. Horiek horrela, erregistratutako ekimenak nabarmentzen du erakunde demokratiko batek ezin dituela inpunitate ikurrak normalizatu, ezta errepresioarekin lotutako arduradun politikoen aitortza publikorik egin ere.
EH Bilduren ustez, ministro frankista eta Estatu indarkeria kasu larrietan ordena publikoko arduradun izan zen pertsona bat instituzionalki omentzea “guztiz bateraezina" da botere publikoek beren gain hartu behar duten memoria-betebeharrarekin.
Ekimen honek 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako sarraskiarekin ere badauka lotura; greba orokorren testuinguruan, Polizia Armatuak bost langile hil zituen San Frantzisko eliza hustean. Fraga Iribarne zen garai hartan Ordena Publikoko Indarren ardura zuen ministroa, Barne Gaietarako Gobernuko bigarren presidenteorde zenez gero. Halaber, garrantzitsua da gogoratzea diktadura frankistako gobernuaren parte izan zela 1962tik 1969ra bitartean, Informazio eta Turismo ministro karguarekin.
Jurisdikzio militarrak artxibatu egin zituen kasuari buruzko sumarioak, baita arduradun polizial eta politikoei zuzendutako erantzukizun zibil eskakizunak ere. Horrenbestez, kasuari lotutako erantzukizunak argitu gabe daude oraindik.
Aste honetan bertan, martxoaren 3ko sarraskian Estatuak izan zuen papera aitortzea exijitu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari. Zehazki, lehenbailehen hiru urrats emateko eskatu dio: ikerketa ofizial sakona abiatzea, oraindik gordeta dituzten artxiboak berehala irekitzea, eta, sarraski honekiko Espainiako Estatuak duen arduraren aitorpen publiko eta espresua egitea. Gobernuak, Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroaren ahotik, termino horietan hitz egitea saihestu du beste behin, eta haren adierazpenak duela 50 urte gertatutako “Estatuaren errepresio basatia” salatzera eta Zaramagako eliza memoria leku izendatzeko konpromisoa berrestera mugatu dira.
EH Bilduk azpimarratu du badela garaia behingoz ardurak hartzeko eta justizia egiteko: “Noizko martxoaren 3ko sarraskiari buruzko ikerketa ofizial sakona? Noiz zabalduko dituzue oraindik giltzapean dauden artxiboak? Noiz hartuko du bere gain publikoki Espainiako Estatuak izandako erantzukizuna?”.