EH Bilduk, Esquerra Republicanak eta Bloque Nacionalista Galegok adierazpen bateratua aurkeztu dute astelehen honetan, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako errealitate sozioekonomiko eta laboralera egokitutako gutxieneko soldata propioen alde.
Hiru indar politiko subiranistek beharrezkotzat jotzen dute egungo Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) eredua —Espainiako Estatu osorako modu homogeneoan finkatzen dena— gainditzea eta lurralde bakoitzaren beharrei eta berezitasunei modu egokian erantzungo dieten esparru propioetara jotzea.
Zentzu horretan, EH Bilduk, ERCk eta BNGk LGS ezartzeko egungo sistema aldatzeko eta gutxieneko soldata propioak lortzeko bide politiko eta legegile bat irekitzeko konpromisoa azpimarratu dute. Horiek horrela, hiru indarrek "bide berri hau irekitzeko beharrezkoak diren elkarrizketak eta negoziazioak" hasteko konpromisoa hartu dute. Azpimarratu dutenez, langileentzat nahikotasun-irizpideak eta duintasun-baldintzak bermatzea da helburua, nazio bakoitzeko lan-errealitatera eta errealitate sozioekonomikora egokitutako tresnen bidez.
Adierazpen bateratuan hainbat erakunde sindikalek —ELAk, LABek, CIGek, Intersindical Catalanak, Intersindical Valencianak, IACk eta STEIk— urteetan defendatutako aldarrikapenarekin bat egin dute. Era berean, hiru indar politikoek helburu partekatu horren alde egiten ari diren mobilizazio sindikal eta sozialei babesa adierazi diete, bereziki Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitutako greba orokorrari.