AKTUALITATEA


| 2026-03-25 10:31:00

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak iragarri du talde soberanistak babesa emango diela Espainiako Gobernuak gerraren ondorioei aurre egiteko prestatutako dekretuei, negoziazio-aldian euskal gehiengo sozial eta langilea babesteko helburuarekin sartutako hainbat neurri positibotzat jotzen dituenez gero.

Pedro Sanchezen agerraldian, Aizpuruak EH Bilduri esker dekretuan txertatutako neurriak nabarmendu ditu: bonu sozial elektrikoa eta termikoa handitzea, familia kalteberei oinarrizko hornidurak mozteko debekua, industria elektrointentsiborako laguntzak berreskuratzea eta trantsizio berriztagarria bultzatzea. Era berean, positibotzat jo du alokairu-kontratuak luzatzeko eta errenten urteko eguneratzea mugatzeko etxebizitzari buruzko dekretua. Neurri horiek milioika maizterri egingo diete mesede, eta ezkerreko indarrek aspalditik defendatutako eskaerari erantzuten dio.

EH Bilduren iritziz, neurri horiek gizarte eta ekonomia arloko ezkutu bat eraikitzeko ekarpena egiten dute, dagoeneko ziurgabetasuna sortzen ari den eta klase herrikoi eta langileak kolpatzen ari den krisiaren aurrean.

Edonola ere, Aizpuruak irmo kritikatu ditu dekretuan jasotako beherapen fiskal orokorrak. Neurri atzerakoi eta bidegabetzat jo ditu, eta, petroleo- eta energia-enpresa handiei mesede egiten dietela. “Ezkerreko neurriengatik izan ez balitz, zuen dekretua, ezkutu sozial bat baino gehiago, enpresariei zuzendutako ezkutu bat izango litzateke", adierazi du.

Horiek horrela, ohartarazi du beherapen horiek egun gutxiren buruan ez dutela eraginik izango herritarrentzat, baldin eta prezioen benetako kontrolik ezartzen ez bada; bitartean, gainera, enpresa handiek diru publikoaren kontu irabaziak pilatzen jarraitzea ahalbideratuko du.

Horregatik, krisiaren kostua orekatzeko neurri sendoak eta ausartak eskatu ditu, hala nola prezioen kontrola eta energiaren gaineko zerga berreskuratzea. EH Bilduren arabera, horrela egin ezean, "beste behin ere langileek ordainduko dituzte langileek nahi ez duten eta eragin ez duten gerraren ondorioak”.

Gerrari ez, bakeari eta burujabetzari bai

EH Bildu Iran eta Libanoren aurkako gerraren kontra dagoela berretsi du Aizpuruak, eta euskal gizartearekin partekatutako jarrera dela ohartarazi du: "Gerrari ez; bai bakeari, diplomaziari,nazioarteko zuzenbideari eta herrien subiranotasunari”.

Bozeramaile soberanistak euskal gizartearen ibilbide historikoaren baitan kokatu du jarrera hori: NATOren aurkako gaitzespena, Irakeko gerraren aurkako jarrera eta Gazako herri palestinarraren aurkako genozidioaren salaketa izan ditu gogoan. Testuinguru horretan, NATOko idazkari nagusia eta Europako hainbat agintari Estatu Batuen eta Israelen interesen menpeko gerra-eskalada zuhurgabea bultzatzen ari direla ohartarazi du.

"Agian NATOtik irtetea planteatzeko unea da, baita etorkizuneko apustu gisa Europako autonomia estrategikoari buruzko eztabaida sakona irekitzekoa ere", adierazi dio Sanchez presidenteari, eta nazioarteko gatazken aurrean Europar Batasunak duen neurtzeko neurri bikoitza salatu du, baita Trumpek eta Netanyahuk duten inpunitatea ere.

Aizpuruak apirilaren 5ean Iruñean egingo den Aberri Egunean kaleak betetzeko deiarekin amaitu du hitzartzea, mezu hau argi eta ozen zabaltzeko: "gerrari ez, bai bakeari eta herri guztien burujabetzari. Baita Euskal Herriaren burujabetzari ere”.