EH Bilduren Kongresuko bozeramaileorde Oskar Matutek Arcadi España Ogasun ministro izendatu berriari eskaera egin dio kontrol-saioan. Hain justu, Europa mailan hainbat Estatuk (horien artean Espainia, Alemania, Italia, Austria eta Portugal) bultzatutako ekimena aurrera ateratzen ez bada ere, Estatu mailan energia-enpresen ezohiko irabaziei zerga berrezartzea exijitu dio. “Borondatea erakustea baino gehiago, determinazioa da behar duguna”, adierazi dio.
EH Bilduren ustez, onartezina da beste behin ere gehiengo sozialen gain uztea krisi honen kostua, are gehiago beste batzuek milioiak irabazten ari diren bitartean. Matutek azpimarratu duenez, “gutxi batzuek eragindako gerra hauetatik gutxi batzuek ateratzen dute etekina, eta gainerakook pairatzen ditugu ondorioak”. Horrekin batera, Gobernuari eskatu dio “jendearentzat politikak egin ditzala, herritarren eta langile klasearen eskubideen defendatzaile aktiboa izan dadila, eta ez dezala petrolio-enpresa handien agindura jardun”.
Energia-enpresek irabazi, herritarrek ordaindu
EH Bilduko diputatuak salatu duenez, gehiengo sozialak prezioen igoeraren ondorioak pairatzen dituen bitartean, enpresa energetiko handiak “irabaziak handitzen ari dira etengabe". Ildo horretan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) datuak aipatuta, adierazi du Irango gerra hasi zenetik Endesak %9 egin duela gora, Repsolek %12,78 eta Naturgyk %1,9.
Gainera, Matutek ohartarazi du epe berean gasolioaren prezioa 1,45 eurotik 1,82 eurora igo dela; gasolinarena, 1,49tik 1,56ra; eta Brent upelarena, 73 dolartik 99 dolarrera. Era berean gogorarazi du EH Bilduk jada ohartarazi zuela erregaiei ezarritako 30 zentimoko hobariak ondorioak izango zituela, eta deskontu horren zati bat bat petrolio-enpresa handien poltsikoetara joango zela.