AKTUALITATEA


| 2026-03-18 15:10:00

Udalen borondatearen gainetik pasako ez den trenbide alternatiba baten defentsan 5.000 lagunek Altsasuko (Nafarroa) kaleak bete eta egun batzuetara, EH Bilduk Espainiako Kongresura eraman du Euskal Herriko trenbide sarea erabat berritzeko beharra eta “AHTan egindako gastu faraonikoan”oinarritutako eredua atzean uzteko beharra. Mikel Otero diputatuak salatu duenez, azken 30 urteotako inbertsio osoaren %99a AHTra bideratu da, “trenbide sarea modu larrian eta desorekatuan kaltetuz”.

EH Bilduk Espainiako Kongresuan defendatu duen mozioak Euskal Herriarentzat bideragarria den trenbide alternatiba bat erdigunean jartzea zuen helburu: prestazio handiko tren sozial bat, hainbat erabilera konbinatuko dituena, baliabide publikoak hobeto aprobetxatuko dituena eta herritarren eta lurraldearen beharrei benetan erantzungo diena. Halaere, ez du gehiengo nahikorik lortu; PSOEk, EAJk, PPk eta Voxek aurka bozkatu dute.

Oterok ohartarazi duenez, azken hamarkadetan milioiak inbertitu badira ere, “oraindik ez dago Abiadura Handiko Trenik; eta epe laburrean ere ez da egongo”. Eta, bitartean, “aldiriak eta tren konbentzionala gainbehera nabarian daude, merkartzien garraioa ere bai, eta trenbideen mantentze-egoera kezkagarria da”.

Aukera “zentzuduna, eskuragarria eta egingarria”

Horren aurrean, EH Bilduk proposatu du "Abiadura Handiko sareari eskainitako makroinbertsioen fasea gainditzea, eta trazadura eta azpiegiturak sakonki eraberritzea", azpiegitura bakar batean abiadura handiko zerbitzua, merkantziak eta aldirikoak proiektatzeko. Oraindik berritzeke dauden tarteetan alternatiba hori posible dela defendatu du, bereziki Nafarroako korridorean eta Iruñea-Gasteiz eta Gasteiz-Burgos loturetan, eta aukera "zentzuzkoa, eskuragarria eta gauzagarria" dela azpimarratu du.

EH Bilduk aurkeztutako ekimena abiadura handiko trenbide-proiektuen aurkako protesta sozial handien testuinguruan kokatzen da. Hain justu, Sakanan, tren sozial eta publiko baten defentsak indarra hartu du azken asteotan, alegazio kanpaina zabal batekin eta Sakana Trenaren Alde herri plataformak bultzatutako mobilizazioekin. Herritarrek alternatiba erabilgarriagoa eta iraunkorragoa galdatzen dute, lurraldearen benetako beharretara egokitua.

Oterok azpimarratu du proposamen honek babes soziala duela eta alternatiba eta adostasunerako benetako aukera dagoela. Azkenik, Oscar Puente Garraio ministroak Euskal Y-ari buruz egindako iragarpenak kritikatu ditu: "Euskal Y-a azken txanpan dagoela esatea huskeria da". Nolanahi ere, Oterok adierazi duenez, "oraindik garaiz gaude norabidea zuzentzeko".