AKTUALITATEA


| 2023-03-07 12:33:00

Aireportuetako kontrol dorreen pribatizazioa eta berriki eginiko aginduaz berraztertzeko egitasmoa onartu du Kongresuko Garraio Batzordeak, EH Bilduk, ERCk eta BNGk aurkeztutako legez besteko proposamenari bide emanda. Proposamena egin duten taldeek eta PSOEk adostutako erdibideko zuzenketari esker, Kongresuko gehiengoak negoziazio prozesu bat irekitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Garraio Ministerioaren otsailaren 9ko agindua berrikusteko asmoz.

Pribatizazioak Espainiako Estatuko zazpi aireporturi eragingo lieke, tartean Loiukoari. Agindu horren arabera, kontrol dorreen kudeaketa aerodromoko aire-zirkulazioa kontrolatzeko zeregina duten hornitzaile zibilen esku geratuko lirateke.

 

Segurtasun eza areagotuko du

Egitasmoa onartuta, PSOEk orain arteko jarreran atzera egitea lortu du EH Bilduk. Hain justu, prest agertu da negoziazio prozesu bat abian jartzeko kontrol dorreen pribatizazioa berrikusteko. Kontrol dorreen pribatizazioak ekarriko lituzkeen arriskuez eta sortuko duen segurtasun ezaz ohartarazi du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak: «Gauzatzen bada, aurrekaririk gabeko aldaketak eragingo ditu eredu operatiboan. Inork uste du, kudeaketa enpresa pribatuei esleituta, segurtasun handiagoa, kalitate handiagoa eta eraginkortasun handiagoa izango duela zerbitzuak? Kaltetutako eragile gehienak bat datoz: argi eta garbi diote ezetz». 

Ruiz de Pinedok nabarmendu du, gainera, behar-beharrezkoa dela egungo hartu-emana mantentzea hegazkinen hurbilketaren ardura duen kontrolaren eta kontrol dorrearen artean: «Arrisku egoerei bizkortasunez aurre egitea eta, era berean, atzerapenak saihestea da helburua. Horretan datza aireportu baten kalitatea, bidaiariek zein hegazkin konpainiek defendatzen duten bezala».