2021. urteko udal aurrekontuetan EH Bilduk Irungo auzoen errealitatea ezagutzeko azterketa soziologikoa egiteko zuzenketa bat aurkeztu zuen, besteak beste. Proposamena onartua izan zen eta horretarako 50.000 euroko diru partida bideratu zen. Bada, denboran nahi baina gehiago luzatu bada ere, ekainaren 23an kontratazio mahaitik pasa eta martxan da Irungo auzoetako egoeren berri emango duen ikerketa. Azken urtetan auzoetan indar berezia jartzeko apustua egin du koalizio abertzaleak; aukera izan duten bakoitzean bide honetan aurrera egiteko akordioetara iristen saiatu direla adierazi dute. Aldiaren arabera Irun auzoek egiten dute. Hiri zentralizatu baten ideiaren aurrean, taldearentzat herritarrek egunerokotasuna auzoetan egin ahal izatea ezinbestekoa da. Horregatik auzotar guztiek oinarrizko zerbitzuak eskura izateari berebiziko garrantzia eman dio azken urteetan koalizio abertzaleak, udal zerbitzuetatik hasita, auzoetatik desagertzen ari diren beste zerbitzu guzti horiek berreskuratu arte.
"Irungo errealitatea anitza da eta auzo bakoitzak ezaugarri propio eta desberdinak ditu. Irun hiri bakarra izan arren, beren historia, egitura urbanistiko, azpiegitura zein populazio ezaugarri ezberdinak medio, auzo anitzen batuketa da. Ezinbestekoa da azterketa soziologiko hau lehenbailehen egitea, emaitzak auzoetako eragile eta bizilagunekin partekatu eta ikerketak azaleratzen dituen beharrei Udalak erantzun egoki bat eman ahal izateko"