AKTUALITATEA


| 2025-01-27 12:25:00

Abenduaren 19an aurrekontuaren onarpena bertan behera utzi ostean, EH Bilduk bere proposamenetan hiriarentzako estrategikoak diren gaiak jaso zituela kontuan hartuta, akordio batera iristeko negoziazioekin jarraitzeko bere prestutasuna adierazi zuen, baita Udalari determinazioz jokatzeko eskatu  ere.  Aurrekontuaren udalbatzaren data berririk zehaztu ez den honetan, konpromiso hori berretsi nahi izan du EH Bilduk.

"2024ko aurrekontua denboran luzatzeak Irunek beharrezkoak dituen inbertsioen plangintza betetzea zailtzen du,  eta hiritarren beharrei erantzuteko oztopo bat izan daiteke. Udal Gobernuak egoera hau bideratzeko ardura du."

EH Bilduren aburuz, Irungo hiriak erronka handiak ditu aurretik eta politika publiko eraldatzaileak martxan jartzeko akordioetara iristeko prestutasuna mantentzen du.

"Etxebizitzaren gaiari aurre egitea ezinbestekoa da, baina horretarako Udaletik etxebizitza publikoaren aldeko apustu nabarmena egin behar da. Era berean, auzoetan dauden beharrei erantzutea ere badagokigu, urtez urteko plangintza baten bitartez, hurbiltasuneko hiri eredu baterantz aurrera egiteko. Gure hiritarren bizitzak errazteko gai estrategiko hauek jasotzen dituen aurrekontu bat behar dugu."

Udalak Irunen bukatu gabe dituen inbertsio eta obren zerrenda luzea da EH Bilduren esanetan; CBA, Txenperenea, IAM, Plaiaundi, San Miguel Anaka, Korrokoitz eremua, Iparralde-Gal, Emigrazio eraikina, San Migueleko ibai ertzeko  eraikina, San Juan Plazako udal bulegoen eraikin berria, etab.

"Paralisi egoera honi irtenbide bat eman behar zaio lehenbailehen.  Gipuzkoako bigarren hiriak pisu handiagoa izan beharko luke Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren aurreikuspenetan, eta Udal Gobernuak zerrenda hau murrizteko aurrera eramango duen hilabete eta urteetako plangintza hiritar eta eragileei ezagutarazi beharko lieke.  Irundarrek instituzio hauetatik orain arte egin dena baina askoz gehiago merezi dute. "