AKTUALITATEA


| 2025-03-05 12:38:00

Gaur egun Irunen dauden kirol instalazioek ez diote erantzuten taldeek dituzten beharrei. Esate baterako, Europa mailako lehiaketetan aritzeko, Bidasoako kirol klubeko eskubaloi taldearen kasuan. Izan ere, Artaleku kiroldegi zaharrak ez baititu horretarako oinarrizko baldintzak betetzen.

Bestetik, Txenperenearen eremua dago. Gaur egun, egoera kaskarrean dauden atletismo pista eta errugbi zelaia Txingudi eremu babestuan kokatuta daude eta duela hogeita hamar urte bertatik ateratzeko erabakia hartu bazen ere, gaur gaurkoz, hor jarraitzen dute. Duela urte batzuk Irungo udalbatzaren gehiengoak erabaki zuen bezala, Txenpereneara eramateko ordua iritsia da. Irunekiko zein gure eskualdearekiko dagoen beste zor historikoa da.

Euskal Herria Bilduk pabiloi berria irekitzearen aldeko apustu garbia egiten du. Lurraldean erreferente izan behar duen instalazioa beharrezkoa da, eta denboran ezin da gehiago atzeratu. Irunek duen neurria eta kokapenagatik estrategiakoa da. Eta eskualde mailako azpiegitura izan beharko litzateke eta bestelako ekimenak jasotzeko aukera ere izan beharko luke.

Jokin Melida EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, “Kirol taldeak ezin ditugu eduki denbora gehiagoz irtenbide baten zain. Orain arte pazientzia soberan izan dute, aukera bat emateko garaia da, erantzun zorrotza eta behin betikoa,  erakundeetan gaudenon aldetik”. Halaber, erantzukizun handiena gobernatzen dutenena dela ekarri du gogora Melidak.  

EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako zuzenketaren bidez, “bi proiektu hauek errealitate izateko aukera handiak izango dituzte datozen sei hilabeteetan. Epea jartzearenak izugarrizko balio ematen baitio testuari. Promesa bete gabeen garaia bukatu da”, borobildu du Melidak.