Urtarrileko azken osoko bilkuran gainontzeko udal alderdiekin kirol azpiegituren gaineko mozioa sinatu genuen, Irunen gai honetan ditugun gabezi larriak mahaigaineratuz.
EH Bildutik, Txenpereneako pisten eta IAM-aren proiektuei gure babesa adierazi genien, eta proiektu horiek egikaritzea premiazkoa dela mantentzen dugu. Horregatik bultzatu genuen horien finantziazioa eta bideragarritasuna bilatzen duen testu bateratua eta horregatik jarraitzen dugu proiektu horien alde lan egiten.
Azken asteetan PSEk eta EAJk Udal Gobernu berria eratu dute Irungo, gai estrategikoen gainean adostasunetara iritsi ostean. Une honetan, bi alderdiek Txenperenea eta IAM-arekiko duten ardura zuzena da eta gobernu honen lehentasunen artean egon behar dira. Horretarako ezinbestekoa da elkarrekin gobernatzen dituzten goragoko instituzioetan Irunen aldeko apustu garbia egitea.
EH Bildutik udalbatzan esan genuen eta gaur ere honakoa mantentzen dugu; Udal Gobernu berri honek irundarrei hainbat azalpen zor dizkie. Plaiaundiko pisten leku aldaketa noiz egitea plangintzatu duten edota IAM-aren proiektua zertan datzan argitu behar dute oraindik. Bide beretik, PSEk eta EAJk Irunek ezinbestekoak dituen inbertsio hauen barne lanketa politikoa egin behar dute, horrek bermatuko baitu Irunen premiazkoak diren proiektu hauen bideragarritasuna.
Ez da argazkietarako unea, lanerako unea da.
EH Bildutik, BAT-ek, Bidasoak eta Txingudi Errugbi Klubak egunero egiten duten lana eskertzen dugu eta eta azpiegitura horien premia partekatuz, ordezkaritza dugun instituzio guztietan gure hiriaren aldeko apustu hori bilatzeko konpromiso irmoa adierazten dugu.