AKTUALITATEA


| 2025-01-29 17:13:00

Azken urteetan PSE eta EAJren arteko desadostasunak nabarmenak izan dira, alderdien arteko harremana kaskarra izateaz gain, Irunerako estrategikoak diren gaietan posizio kontrajarriak defendatu dituzte. Hori hala izanik, ustez irundarren interesen alde egindako akordioaren baitan, desadostasun horiek nola bideratu dituzten ezagutzera eman eta hemendik aurrera bultzatuko diren  neurrien berri emateko deia luzatu die EH Bilduk.

EH  Bilduren hitzetan, gaur aurkeztu den akordioaren oinarrian ostiralean egingo den udal aurrekontuen onarpena eta udal gobernu berriaren arloen banaketa dago. Izan ere, gaur emandako azalpenetan, ez PSEk zein EAJk ez dute argitu orain arte bi alderdiek izandako posizio kontrajarriak nola bideratu dituzten, ez eta gai estrategikoetan adostutakoen nondik norakoak ere. EH Bilduk herritarrei azalpen hori zor zaiela defendatu du.

Zeintzuk izango dira Udal gobernu honen lehentasunak? Zein plangintza diseinatu da gaur egun hiritarrek dituzten beharrei erantzuteko? Zein da Udal Gobernu berri honen hiri eredua?

PSEk eta EAJk oinarrizko galdera hauei erantzun eta zer  adostu duten argitu beharko lukete akordio hau irundarron interesen alde egin dutela defendatu nahi badute.

EH Bilduk, orain arte egin bezala, eta azken hauteskunde deialdietan areagotzen joan garen irundarren konfiantzari jarraiki, hiri honen alde eta bertako herritarren beharrei begira lanean jarraituko du, arduraz eta anbizioz. Irundarrei, hiriak egun eta etorkizunera begira dituen erronken diagnostiko partekatu soila baino zerbait gehiago zor zaiela sinesten dugulako. Eta erronka horiei irundarren mesedetan erantzuteko baliatuko du EH Bilduk gainerako erakundeetan duen ordezkaritza.