EH Bilduren Gipuzkoako hamarnaka tokiko arduradun politiko bildu dira gaur goiz osoko lan saioa egiteko. EH Bilduren III. Kongresuko egituratze prozesuan, herrialdeko hainbat herritan izendatu dira arduradun politikoak, eta gehiagotan ere izendatuko dira kurtso politikoa amaitzerako.
Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegiren hitzetan, horrek erakusten du, “batetik, herriz herri errotutako proiektu politikoa ordezkatzen duela EH Bilduk, Gipuzkoako alkatetzen gehiengoa gobernatzeaz gain, tokiko egituratze trinkoa ere badugulako”, esan du.
Gaur lan saioa egin duten tokiko arduradun politikoak, herrietan ari diren kideekin batera, lanean ari dira, besteak beste, Nazio Elkarrizketako prozesuaren barnean, herriz herriko eragile eta norbanakoekin entzuketa ariketa egiten.
“Horixe baita EH Bilduren balio erantsia. Euskal politikan ere klientelismoa edota informazioaren kudeaketa desegokia nabarmendu diren aste honetan, aldarrikatu nahi dugu EH Bilduk beste era batera egiten duela politika: gardentasunez, aurrez aurreko harremanen bidez eta zorroztasunez”, azaldu du Zinkunegik.
Ezker subiranistarentzat lehentasuna da herritarren ongizatea, haien bizitzetako arlo guztietan bizi segurtasuna bermatzea. Ildo horretan, Zinkunegik azaldu duenez, “dagoeneko abiatuta dagoen aipatutako Nazio Elkarrizketa prozesuan eragileekin egindako bileretan ateratako ondorio nagusietako bat da herritarrek dituzten kezkak eta erronkak ez datozela bat eliteek plaza publikoan mahai gainean jartzen dituzten gaiekin. Eta besteak beste, horregatik, eta “politikarekiko desafekzioa eta mundu mailako ezegonkortasuna nagusi den garaiotan, herritarrek behar dituzten helduleku ziurrak eskaintzeko anbizioa du EH Bilduk”, gehitu du.
Erronka handiak ditu aurrean Gipuzkoak bezala Euskal Herriak. Eta egin beharreko bidean EH Bilduk erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu, beti ere, herriarekin batera. Autoritarismoaren aurrean edo askapen nazionalaren dinamikan edota Euskal Herriaren defentsa demokratikoan, eta horretarako “prest gaude eta argi dugu zer egin behar dugun”, aldarrikatu du EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoak, “EH Bilduk, bestelako Euskal Herri bat, beste mundu bat posible dela erakutsi dezake”, gehitu du.