Gipuzkoako bi suhiltzaile zerbitzuen bateratze operatiboa gauzatzeko, irailera arteko elkarrizketa mahaia abiatzea proposatu du EH Bilduk.
EH Bilduk interpelazioaren ondoriozko mozioa erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Foru Aldundiari eskatzeko elkarrizketa prozesu formal eta egituratu bat martxan jar dezala, Gipuzkoa Babestu 20-30 Planaren baitan aurreikusitako suhiltzaile zerbitzuen bateratze operatiboa benetan gauzatu nahi bada.
Joan den otsailaren 4ko osoko bilkuran, EH Bilduren batzarkide Jon Martinek Irune Berasaluze Gobernantza diputatuari egindako interpelazioan agerian geratu zen azken hilabeteotan eragile ezberdinek emandako azalpenak, Donostiako suhiltzaileek edota Donostiako suhiltzaileen buruak adibidez, eta Aldundiak eman izan dituenak kontraesankorrak izan direla. Diputatuaren erantzunek, gainera, ez zituzten zalantzak argitu, eta beraz, EH Bilduren ustez, agerian gelditu zen foru gobernuak ez duela bateratze operatiboaren inguruko bideorri argirik.
Are gehiago, EH Bilduren iritziz, arazoa ez da teknikoa, politikoa baizik. Azken zortzi urteotan EAJ izan da bi zerbitzuen ardura politikoa izan duena, bai Aldundian eta baita Donostiako Udalean ere, eta, hala ere, ez da gai izan adostasun argi eta sendo bat eraikitzeko. Horrek borondate politiko falta argia erakusten du.
Horren aurrean, ezker subiranistak uste du ezinbestekoa dela egoera desblokeatzea eta gardentasunean, elkarlanean eta adostasunean oinarritutako prozesu bat abiatzea.
Aurkeztutako mozioaren bidez, EH Bilduk Foru Aldundiari eskatzen dio irailera bitartean elkarrizketa mahaia martxan jar dezala lurraldeko bi suhiltzaile zerbitzuen eta inplikatutako eragile guztien artean, legealdia amaitzerako 20-30 Plan Estrategikoan jasotzen diren neurriak eta helburuak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko.