AKTUALITATEA


| 2026-03-06 10:50:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Batzordean egin duen agerraldian azaldu du Astigarragak azken hamarkadetan izan duen hazkunde demografikoa ez dela islatu garraio publikoaren eskaintzan, eta horrek herritarren ezinegona areagotu duela.

Astigarragako Alkate Xabier Urdangarinek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian adierazi duenez, herrian garraio publikoaren eskaera gero eta handiagoa da, biztanleria hazi egin da, eta beraz, autobus zerbitzuak herriaren errealitatera egokitu beharko luke.
Gauzak horrela, Astigarragako Udalaren izenean Foru Aldundiari honako neurriak eskatu dizkio:

- BU12 eta BU13 lineak modu egonkorrean indartu ditzala

- Autobusera igo ezin izatea ohikoa ez, salbuespena izateko neurriak hartu ditzala.

- Ospitaleetara eta unibertsitateetara joateko linea berria maiztasun handiagoarekin ezarri ditzala.


Era berean, oinarrizko eskariak ere egin ditu Urdaingarinek zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera: ordutegiak betetzea, eserlekua izateko aukera erreala izatea, eta bidaiaren gutxieneko erosotasuna bermatzea.


Arrazoi demografikoak


Astigarragako alkateak azaldu du azken 20 urteotan biztanleria bikoiztu egin dela eta 2015etik 2025era %40 hazi dela. Hala ere, autobus zerbitzua ez da neurri berean handitu. Gainera, herriak badu berezitasun bat; biztanleen %20 15 urtetik beherakoak dira eta 12 urtetik aurrera ikasle askok beste herrietara joan behar dute ikastera, gehienak Donostiara, garraio publikoaren menpe.

Astigarragara iristen diren autobusak, baina, sarritan gainezka iristen direla salatu du Urdangarinek eta horren ondorioz bidaiari batzuk autobusera ezin igo gelditzen direla, bereziki azken geltokietan.


Eta bidaiarien kopurua nabarmen handitu den arren, Donostiara doazen BU12 eta BU13 lineen bidaia kopuruak ez du apenas igoerarik izan: emakida berria jarri aurretik zegoenaren ia bidai kopuru bera egin du egun.


Alkatearen hitzak entzunda, EH Bildu Batzarkide Taldeak espero du Aldundiko Mugikortasun sailak neurriak hartzea, herritarrek garraio publiko zerbitzu duin, eraginkor eta fidagarria izan dezaten.