Gipuzkoako EH Bilduren batzarkide Zelai Amenabarrok salatu du egungo araudian hutsune bat dagoela salatu du, ez baita da sistematikoki neurtzen foru arauek euskaran eta haren normalizazioan duten eragina.
EH Bilduk proposamen sinple, egingarri eta aldi berean garrantzitsua eramango du datorren asteko Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurara: foru arauak prestatzerakoan eta ebaluatzerakoan hizkuntza-eragina aztertzea.
Gaur egun, Gipuzkoan, foru arau bat prestatzen denean genero-eragina aztertzea nahitaezkoa da. Hizkuntza-eragina, ordea, ez. Horrek esan nahi du lege bat onar daitekeela euskarari nola eragiten dion aztertu gabe; alegia, erabaki publikoak har daitezkeela euskararen normalizazioan laguntzen duten ala ez jakin gabe. Eta Amenabarroren hitzetan “hutsune nabarmena da hori”.
Gainera, indarrean sartu eta urtebete igarota, Aldundiak arauen ebaluazioa egiten duen arren, ebaluazio-txosten horietan ez dira sistematikoki neurtzen ez genero-eragina ezta hizkuntza-eragina ere. EH Bilduren arabera, generoaren kasuan jarraipen egokirik ez egitea ere arazo bat da, eta hizkuntzaren kasuan, hutsunea are handiagoa da, hasieratik ez baita kontuan hartzen.
Gauzak horrela, EH Bilduk bi aldaketa zehatz proposatuko ditu Batzar Nagusietako hurrengo osoko bilkuran:
-Foru arau berriak prestatzerakoan hizkuntza-irizpideei arreta berezia jartzea, eta euskararen gaineko eragina aurretiaz ebaluatzea, genero-eraginarekin egiten den bezala.
-Arauak indarrean jarri ondorengo ebaluazio-txostenetan sartzea bai arauaren genero-eragina eta baita hizkuntza-eragina ere.
Ezker subiranistaren arabera, proposamena teknikoki egingarria da eta urrats sendoa litzateke hizkuntza-politika eraginkorra bermatzeko ez ezik baita arauen genero eragina neurtzeko ere.