“Langile komiteari zaion errespetu faltagatik ari gara gai honen inguruan gaur, zer eta zaintzaren alorrean. Larria da egoera hau. Aldundiak ematen duen informazioa eta langileen errealitatea ez baitatoz bat”, esan du EH Bilduko batzarkide Estitxu Elduaienek.
EH Bilduren ustez zaintza duinik ez dago zaintzaile duinik gabe, eta argi dauka bere burua Zaintzaren Lurraldea izendatua daukan Diputazio batek ezin dituela zaintzaileak prekarioan eduki. Baina hori bakarrik ez; “Gipuzkoako Foru Aldundia eguna joan eguna etorri gobernu onaz aritzen den honetan, berriro ere erakutsi diguzue demokraziaren berberaren funtsezko printzipioak ere ez dituela errespetatzen Mendozaren foru gobernuak, Kabiako langile komiteari informazioa ukatzen diolako, behin eta berriz, legeak dionari muzin eginez”, azaldu du Elduaienek.
Horrekin batera, EH Bilduko batzarkide taldeak bere konpromisoa berretsi du gai honetan Diputazioak zuzen-zuzenean duen erantzukizunaren kontrol lana egiteko.
“Eta zer esanik ez, jarraituko dugu, dagokion tokian, diputazioak langileekin dituen harremanak errespetuzkoak eta, batez ere, legezkoak, izan daitezen gure alea jartzen, bestela, beste behin ere, agerian gelditzen delako hitz polit eta zelofanezko borondateaz harago, betiko modutan eta eratan jarraitzen duela Diputazio honek, esaten duenaren justu kontrakoa eginda”, gehitu du EH Bilduko ordezkariak.