AKTUALITATEA


| 2026-04-23 10:18:00

Maddalen Iriarteren adierazpenak:

Esana dugu orain baino lehen EH Bildurentzat beharrezkoa dela zerga hau, aspaldi ari gara errepikatzen premiazkoa dela ezartzea eta bat gatozela bere izaerarekin eta helburuarekin, hau da turismoak herri eta hirietako jendarteetan eta ingurumenean sortzen dituzten kostuak konpentsatzearekin.

Gaur egungo turismo ereduak beste hausnarketa batzuk ere behar ditu baina zerga hau oso garrantzitsua da.

Esan bezala berandu dator zerga bera eta gainera behin ezartzeko erabakia hartu eta iragarri ostean ere foru araua ere berandu dator... azken urteotan turismoaren hazkundeak sortutako erronkak ez baitira berriak, eta udalek aspalditik behar izan dute tresna fiskal egoki bat presio horri aurre egiteko.

Eta beste behin ere presaka eta gaizki ari da EAJ. Eta orain arte erronka honi erantzun ez diotenek ez dute sinesgarritasunik egoera konpontzeko orduan. Urtetan instituzio nagusietan gobernatzen aritu eta orain euren burua zuritu nahi izatea ez da serioa.

Adibidez, Donostiako alkatea hamar urte berandu heldu da tasa turistikora, Jon Insausti bera da Donostiako egoeraren erantzule nagusietako bat, aurreko urteetan turismo zinegotzia izan den neurrian eta orain jokatzen ari da urte hauetan guztietan zergaren aldarrikapena egin izan balu bezala.

EH Bilduk beste gobernantza eredu bat ordezkatzen du, egoerari aurre hartuz eta epe luzeko ikuspegiarekin ari da gai honetan ere gobernatzen ditugun udaletan.

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan aldi berean tramitatuko den zerga bat da eta modu harmonizatuan landu da.

Aurreproiektuaren alegazio fasean norbanakoen, sektoreko eragileen eta udalen ekarpenak jaso dira.

Hain zuzen ere, Gipuzkoan, esaterako, Zumaia, Azpeitia eta Segurako udalek alegazioak aurkeztu zituzten.

Orain Batzar Nagusietan dago Foru Araua proiektua eta zuzenketak egiteko eta negoziatzeko fasean dago.

Oro har EH Bilduk, bere zuzenketen bidez, udalei eta establezimendu txikienei lagundu nahi die. Izan ere, zergaren aplikazio praktikoak karga administratibo gehigarria ekarriko du, eta hori ahalik eta gehien arintzea ezinbestekoa da. Hori egiteko, baina, ezinbestekoa da ongi egitea eta udalek beharrezkoa den denbora izatea.

Zergaren aplikazioak karga administratibo gehigarria ekarriko du, bai ostatu sektorearentzat bai udalentzat, eta horregatik ezinbestekoa da Foru Aldundiek tresna egokiak jartzea kudeaketa errazteko.

Arau proposamenari aurkeztutako ekarpenetatik nabarmendu beharreko bat da zerga politikak ere etxebizitza krisiari aurre egiten lagundu behar duela, eta ez kontrakoa. Ezinbestekoa baita turismo politikak eta etxebizitza politikak batera aztertzea.

Izan ere, egungo etxebizitza krisi larrian, etxebizitza turistikoen hazkundeak eragin zuzena du merkatuan, etxebizitza eskaintza murriztuz eta prezioak garestituz.

Horregatik aipatzen nuen lehen Zerga turistikoaz gain beste hainbat gai sakondu behar direla. Badira gehiago ere.

EH Bilduk konpromisoa hartu du zergaren eragina neurtu, helburuak eta beharrak asetzen direla bermatzeko.

Lortzen den etekina turismoak gizarte mailan eta ingurumenean sortzen dituen kostuak konpentsatzeko baliatzeko eta oro har gardentasunez jokatzeko, eta herrietako egonaldietan izan duen eragina zein bildutako diruaren erabilera urtero azaltzeko.

Beraz orain egin behar dena da. Alegazioak aztertu eta eztabaidatu.

Foru araua onartu. Udalei baliabideak jarri, laguntza teknikoa eskaini eta sektoreari eragiten dioten hari guztiak aztertu gehiengoaren onerako izan dadin.

Erabateko gardentasunez.