AKTUALITATEA


| 2020-05-11 10:52:00

 

Hilabete pasa da Markel Olano Ahaldun Nagusiak Gipuzkoako alkateei Udal Foru Fondoa (UFF) %20-25 tartean jaitsiko zela aurreratu zienetik. Ordutik alkateek ez dute azalpen gehiagorik jaso Gipuzkoako ogasunetik.

 

“Covid 19ak aurrekaririk gabeko krisia utzi du gurean eta osasun zein eragin ekonomikoak izugarriak izaten ari dira. Udalak, herritarrengandik gertuen dauden instituzioak direla berretsi dute beste behin. Eskumena zeinena zen begiratu gabe arazoei aurre hartzeko ez ohiko neurri mordoa hartu dute udalek, pertsonen zaintza, bertako komertzioa sustatzeko edo lanpostu publiko zein esleipenetako lan baldintza egokiak bermatzeko. Garai zail hauetan sekulako ahalegin ekonomikoa egin dute udalek hemendik ahal den azkarren ateratzeko”, adierazi du Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak.

 

Gipuzkoan, EH Bilduko 44 alkate daude eta herrialdeko lehen indar munizipalista izaki, eta udaletan egindako lan eskerga kontuan hartuz, honako proposamena egin nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari:

 

1- Dei dezala Gipuzkoako Finantzen Kontseilua bertan UFFaren beherakadari nola aurre egin udalekin adostu asmoz.

2- Bertan aurkez dezala COvid19ak zerga bilketan aurreikusten den eraginari buruzko txostena.

3- 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.

4-Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.

5- Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioko dirulaguntza bat bidera dezala udaletara Covid 19ko krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko asmoz.

 

Erabaki hauek guztiak Udalekin adostea ezinbestekoa denez, Eudeleko lurralde batzordea biltzeko eskatu du EH Bilduk.