Ezker subiranistaren ustez zerga hau beharrezkoa da eta ezarritako norabidea partekatzen du, baina gaur aurkeztu den proposamenak hutsune nabarmenak ditu oraindik.
Turismoaren gaineko zerga EH Bilduk aspalditik eta behin baino gehiagotan eskatu duen tresna da. Gaur, martxoak 27, aurkeztu du Gipuzkoako Ogasun diputatuak foru araua batzordean, 2027ko urtarrilean aplikatzen hasteko helburuarekin.
Turismoaren hazkundeak azken urteotan sortu dituen erronkak ez dira berriak, eta administrazioek aspaldi behar zuten tresna fiskal egoki bat martxan jartzea, beraz, foru araua berandu dator. Atzerapen honek, batez ere, udalei eragin die, beraiek izan baitira presio horri zuzenean aurre egin behar izan diotenak.
EH Bilduren batzarkide Jon Altolagirrek ezaldu duenez, “oro har, ados gaude udal zerga izatearekin, baita zergaren helburuarekin ere: ingurumen eta gizarte ikuspegitik turismoak sortzen dituen kostu gero eta handiagoak gizarteari konpentsatzeko tresna izatea”. Norabidea partekatuta ere, hobetzeko gauzak badituela uste du EH Bilduk, udalak benetan erdigunean jarriko dituen, baliabideak bermatuko dituen eta karga administratiboak arinduko dituen arau bat behar da, turismoaren benetako kostuak modu bidezkoan konpentsatzeko.
Aurreproiektuaren alegazio fasean norbanakoen, sektoreko eragileen eta udalen ekarpenak jaso dira. Hain zuzen ere, Zumaia, Azpeitia eta Segurako udalek alegazioak aurkeztu dituzte. Hiru udalek argi adierazi dute baliabide teknikoak behar direla, bai sektorearentzat eta baita udalentzat ere. Izan ere, zergaren aplikazio praktikoak karga administratibo gehigarria ekarriko du, eta hori ahalik eta gehien arintzea ezinbestekoa da. “Horretarako, Foru Aldundiak baliabide tekniko egokiak jarri behar ditu, informazioa modu eraginkor, sinple eta seguruan kudeatu ahal izateko”, azaldu du Altolagirrek.
Donostiako Udalak, ordea, ez du alegaziorik aurkeztu; “Azken asteotan prentsan entzun eta irakurri ditugu Donostiako alkatearen adierazpenak, zergaren aplikazioa uda honetara aurreratzeko eskatuz. Baina egia da gaur hemen
eztabaidatzen ari garen foru arauak berak ezartzen duela aplikazioa 2027ko urtarrilean izango dela. Horren aurrean, deigarria da eskaera horiek prentsaren bidez egitea, eta ez dagokion bide administratiboan. Are gehiago, aukera izan denean alegazioak aurkezteko, ez da urrats hori eman”, azaldu du EH Bilduren batzarkideak.
Zergaren kudeaketa erraztu eta bikoiztasunak saihesteko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat egitea proposatu du. Izan ere, “dagoeneko ostatu establezimenduek bezeroen datu ugari jaso eta helarazten dituzte, dela estatistiketarako, dela fakturaziorako edota Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailera bidaltzeko, datu horiek udalen esku jartzeak lana erraztuko luke”, azaldu du Altolagirrek.
Ildo berean, sektoreko establezimendu eta udal txikienak laguntzea ere eskatu du ezker subiranistak, horiek ez baitituzte hotel kate handiek edo hiriburuetako administrazioek dituzten baliabide berak.
Bestalde, foru arauak egonaldi turistikoen gehieneko muga bost egunetan ezartzen du, eta EH Bilduren ustez ez luke halako mugarik egon behar, neurri horrek proportzionaltasun printzipioa urratzen baitu eta, praktikan, zergaren helburua bera desitxuratzen duelako.