Tokiko merkataritzak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean, merkatariak Batzar Nagusietako Ekonomia batzordean izan ziren, eta, gaur, abenduko osoko bilkuran, EH Bilduk ebazpen proposamena aurkeztu dute. Bertan, gure lurraldean tokiko merkataritzak behar dituen politika aktiboak martxan jarri eta sektorearekin harreman zuzena izan dezan zuzendaritza bat sortzeko proposatu du.
Azken urteetan merkatariak bizitzen ari diren egoera zaila da, azken 5 urtetan, % 10eko galera izan du. Merkataritza Federazioak zein Dendartean elkarteko ordezkariek adierazi legez, Gipuzkoa ranking-aren goialdean nabarmentzen da komertzioen galeran azkenaldi honetan eta egoera are larriagoa dugu populazioa irabazten doan lurraldea izanik.
Aitor Irure EH Bilduren batzarkideak adierazi bezala, tokiko merkataritzak zerbitzu diferentzial eta espezifikoa behar du, bere eskaerei erantzungo diena eta egungo egoera modu eraginkorrean eraldatzeko aukera emango duena.
Merkataritzak bizi duen egoera honek ondorio ekonomiko larriak eragiten ditu, zehazki sektoreko enpleguan. Egun, 30.000 lanpostutik gora ditu eta BPGaren %11 suposatzeak du. “Gainera, sortzen duen gainbalioa lurraldean bertan geratzen dela neurri handi batean”, adierazi du Irurek.
Ixten den komertzio bakoitzeko auzoen edo herrien identitate zati bat galtzen da, euren historia eta berezkotasunekin batera. “Merkataritza biziak herri biziak sustatzen ditu. Herri dinamikoak. Herri alaiak. Aldiz, tokiko merkataritzaren desagerpenak lo-herriak, nortasun galera, deserrotzea eta akulturazioa dakar”, dio batzarkideak.
Egiturazko arazoari egiturazko erantzunak eman behar zaizkiolako, EH Bilduk tokiko merkataritza lehentasun izango duen zuzendaritza bat egituratzea proposatzen du. “Berariazko ekimen programa bat izateko, sektorearekin eskuz esku arituko diren teknikariak zehazteko, beharrezko azterlanak egiteko, sektoreko eragileen jarduna sustatzeko aldebiko hitzarmenak sinatzeko, beste departamentuekin sinergiak sustatzeko, diru-laguntzak egokitzeko edota ekimen propioak garatzeko”, zehaztu du Aitor Irurek.