AKTUALITATEA


| 2025-06-18 07:48:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an onartu zuen Babestu 20-30 plana, Batzar Nagusien onespenarekin. Plan horretan jasotzen da Gipuzkoako eta Donostiako suhiltzaile zerbitzuen ekintzak bateratu behar direla, hitzez hitz honakoa adierazita: "Horrek esan nahi du larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak ematerakoan herritarrei ahal bezain laster erantzutea lehenetsiko dela, eskumena duen administrazioa dena delakoa ere. Gaur egun, suhiltzaile zerbitzuek dagokien jarduera eremu zehatzean lan egiten dute, modu autonomo eta independentean”.

Suhiltzaileena, gisa horretako zerbitzu publikoak bezala, lehentasunezko zerbitzua da, eta bertako langileek zein Gipuzkoako herritarrek merezi dute, batetik, ahalik eta baliabide onenak izatea, zerbitzua kalitatezkoa izan dadin; eta, bestetik, baliabideen kudeaketa ahalik eta eraginkorrenak izatea.

Aipatutako planak proposatzen du administrazio eskudunaren eskumen esparrua gainditzea eta larrialdietan ikuspegi orokorra sustatzea, zerbitzu guztiek arreta, laguntza edo babesa eskain dezaten dagokien administrazio esparrutik kanpo gertatzen diren larrialdietan ere.

Zazpi urte pasa dira plan hori onartu zenetik eta oraindik bateratze operatiboa egiteke dago, eta horrek esan nahi du orain eskaintzen den zerbitzua hobetu eta eraginkortu daitekeela. Halaber, horrek eragin beharko luke lurralderako larrialdi zerbitzu integral bat garatzeko plan estrategikoa egitea.

Horregatik, EH Bilduk uste du neurri hori lehenbailehen hartzea ezinbestekoa dela. Are gehiago, uda sasoian izan daitezkeen larrialdi egoerei egoki erantzuteko.