Gureak-eko enpresa batzordeko kideek orain hiru aste Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, Mutualia mutuak lan istripuak eragindako lesioen jatorri profesionala ez onartzeko harturiko jarreraren ondorioz duten arazoa azaldu zuten.
Une horretan berean adierazi zuen EH Bilduk jarrera horiek onartezinak direla eta hori berresten du orain. Eta orduan abiatutako ekimen instituzionalari jarraipena emanez, ebazpena landu du datorren astelehenean, hilak 16, egingo den Gobernantza batzorderako.
Batetik, onartezina da lesio hauen jatorri profesionala ukatzea iruzurra egitea delako, horrelako ekintzen bidez, izatez mutuak dituen berezko funtzioak betetzeari uko egiten diolako, zer eta mozkin ekonomikoak erdiesteko.
Gainera, jokaera hau aniztasun funtzionala duten langileekin egiten ari da, are larriagoa dena.
Kezkagarria da, halaber, Gureak berak ez neurririk hartu izana mutuaren jardueraren inguruan egindako salaketen aurrean. Eta, mutua aldatuta ere, ezin izango litzake ziurtatu jokaera hauek ez litzatekeela errepikatu. Horregatik EH Bilduk langileen ordezkariek arazoari konponbidea eman ahal izateko proposatutako irtenbidearen alde egitea erabaki du.
Bestetik, gogora ekarri behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak inklusibotasunaren integrazioaren alde egiten duen Gureak enpresan %20,12aren jabetza duela, eta hortaz, jabeen artean bigarren handiena izanik, baduela erantzukizuna eta esku hartu behar duela.