AKTUALITATEA


| 2025-06-04 10:12:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen Gizarte Politiken bidez eskaintzen dituen zerbitzuen iazko memoriak agerian utzi du datu kezkagarri bat: lurralde historikoko adinekoen egoitza sarean sartzeko itxaron denbora luzatzen ari dela, eta, ondorioz, egungo eskaintzak ez die behar bezala erantzuten gipuzkoarren zaintza beharrei. EH Bilduren batzarkide Estitxu Elduaienek horren inguruko galdera egin dio Maite Peña diputatuari gaiaren inguruan.

 

Iaz %27 handitu zen adinekoen egoitza batera sartzeko itxaron denbora. Alegia, gipuzkoar batek adinekoen egoitza batera sartzeko, batez beste, lau hilabete itxaron behar izaten ditu, duela hiru urte baino denbora gehiago. Gipuzkoako biztanleriaren zahartzea kontuan izanda, zaintza beharren prospektibek erakusten dute baliabideen premia gero eta handiagoa izango dela datozen urteetan, eta dagoeneko aurreikusita dauden plazak atzeratzeak are gehiago zailtzen du herritarren premiei behar bezala erantzutea”, azaldu du Elduaienek.

 

Gipuzkoako Aldundiak berak, iaz, adinekoen egoitzetan 79 plaza berri iragarri zituen, baina egin, 44 bakarrik egin ditu. “%55a soilik, alegia, iragarritakoen erdia pasatxo bakarrik. Eta, tamalez, ez da nobedadea zaintzaren eremuan Diputazioak egindako iragarpenak erdian edo gutxiagoan geratzea, urteak baitaramatzazue zenbaki batzuk iragarri, eta gero ez betetzen. Gogoratu dezagun, bestela, azkeneko gizarte zerbitzuen maparen betetze maila: 2018tik 2021era 869 plaza sortuko zituela iragarri zuen Aldundiak bere garaian. Helburu hori, ordea, bi urte beranduago lortu zuen, bi urte beranduago”, zehaztu du Elduaienek.

 

Ildo berean, Irungo Arbes egoitzaren egoera ekarri du gogora EH Bilduko ordezkariak, 2008an eraikiko zela iragarri eta 17 urte beranduago oraindik eraikitzeke dagoen adinekoen egoitza, hain justu. 2028rako amaituta egongo ei da, aurrekoan Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak iradoki zuenez.

 

Gauza bera Pasaiako Adinberri ere. Hau ere, gutxienez duela hamarkada bat iragarri zena, eta gaur gaurkoz, oraindik ere obrak geldituta dituena.

 

Iazko gizarte politiken memoriak idatziz jasotzen du adineko egoitzetako plazen “gauzatze-erritmoa etengabe handitu behar da aurreikusitako helburua lortu ahal izateko”. Diputazioak berak egindako txostenak esaten dio Diputazioari berari plazen gauzatze erritmoa etengabe handitzeko.

 

Hitz eta propaganda soilekin ez da gipuzkoarrentzat zaintza duina eraiki; dagoeneko berandu gabiltza, eta atzerapena atzerapenaren atzetik kateatuta, nekez erantzungo dio Aldundiak herritarren zaintza beharrei. “Kontrakotasunak izan dira bai; pandemia, legedi aldaketak, prezioen garestitzeak… baina horiek guztiak hala izanda ere, zuen bi proiektu izar direnak hamarkadaka luzatzea kudeaketa eskasaren isla nabarmena ere bada”, esan du Elduaienek.