EAJk, PSEk eta Elkarrekin Gipuzkoak adostu dute guztira hamar milioi kentzea kolektibo zaurgarrienen zaintzatik. Bide errazena hartu du Foru Gobernuak aurrekontuak onartzeko, eta akordio merkea erdietsi. Aukera galdu du gobernuak gipuzkoarrentzat aurrekontu hobeak onartzeko.
EH Bilduk salatu du EAJ, PSE eta Elkarrekin Gipuzkoak 2026rako onartu dituzten aurrekontuak ez direla, inondik inora, ezkerreko politiketan sakontzen duten aurrekontuak. Izan ere, Foru Gobernuak aurrekontu hauek inoizko sozialenak bailiran aurkeztu nahi izan dituen arren, EH Bilduk datu zehatzak jarri ditu mahai gainean: EAJk, PSEk eta Elkarrekin Gipuzkoak adostu dute zazpi milioi euro kentzea adin txikikoen zaintzatik, eta hiru milioi euro adinekoak etxean zaintzen dituzten familientzako dirulaguntzetatik. Guztira, hamar milioi euro kendu dira kolektibo zaurgarrienen zaintzatik.
“Ezkerrekoa edo soziala al da, bada, zazpi milioi kentzen dizkion politika hori, ezkerrekoa edo soziala?”, hala galdetu die EH Bildu batzarkide taldeko Esti Elduaienek. Gobernuak, beste behin, argudiatu du partida horiek zabalgarriak direla, baina ezker subiranistaren ustez, zabalgarriak izanik ere, esanguratsua da oso gizarte politiketara bideratu beharreko dirua, hain justu, gizarte politiketatik bertatik kendu izana. Horrek agerian uzten du, EH Bilduren arabera, Foru Gobernuak gizarte babesaren inguruan duen benetako borondatea.
Ezker subiranistaren ustez, gainera, aurrekontu hau bestelakoa izan zitekeen aurretiazko lanketa zintzo bat egon izan balitz, baina Aldundiak ez du horretarako borondaterik izan, hasieratik aukeratuta baitzeukan aurtengo bazkidea. “Baten goseak eta bestearen jateko gogoak bat egin dute”, eta horren ondorioz, akordioa merke saldu eta merke erosi da. Diputazioak, beste behin ere, ahaleginik ia egin gabe, bide errazena hautatu eta aukera bat galdu du.
Gauzak horrela, EH Bilduri negoziaketarako atea itxi zaio, nahiz eta honek prestutasun osoa erakutsi duen, ez soilik aurrekontuen testuinguruan, akordioetara iristeko. Borondate horren adibide dira azken hilabetean Gipuzkoa zabalean lortutako akordioak: EAJrekin hainbat proiektu estrategiko adostu dira, esaterako, Andoainen, Oiartzunen eta Mendaron; Legazpin, EAJ eta PSErekin lortu da adostasuna; Zumaian, Soraluzen, Arrasaten eta Hernanin, PSErekin. Adibide batzuk baino ez dira. Horrek erakusten du borondate politikoa eta lan zintzoa daudenean, EH Bilduk batzuekin eta besteekin akordioak lortzeko gaitasuna duela.
Norabide horretan lanean jarraituko du, beraz, Gipuzkoako EH Bilduk; neurri egingarriak eta herritarrentzat onuragarriak defendatzen, eta akordioak bilatzen legealdia hasi zenetik egin duen bezala.