AKTUALITATEA


| 2026-02-13 13:25:00

Maddalen Iriarteren hitzetan zerga sistemak balio beharko luke herritarren segurtasun ekonomikoa bermatzeko, eta aberastasuna era justuan banatzeko; gaur gaurkoz helburu hori ez da betetzen.


2025eko diru-bilketa datuek, EH Bilduren ustez, erakusten dute zerga sistemaren egungo egiturak ez duela progresibitaterik bermatzen eta beraz, justizia sozialik ere ez. Izan ere, bilketaren zatirik handiena, %75, PFEZ eta BEZetik dator. Horrek esan nahi du jasotako lau eurotik hiru langileek, pentsiodunek eta oro har herritarrek egiten dituztela, diru-bilketaren zama osoa euren gain jarrita.


Zeharkako zergek, gainera, BEZak kasu, zuzenekoek baino gehiago egin dute gora, eta EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek gogorarazi du horiek ez direla errentaren arabera aplikatzen, eta beraz, “berdin ordaintzen du Lanbide arteko Gutxieneko Soldata jasotzen duen langileak, kotizaziorik gabeko pentsioa jasotzen duen emakume batek, edo diru-sarrera handiagoak dituen herritarrak. Eta horrek, “gizarte ezberdintasunak areagotzen ditu, diru sarrera apalenak dituztenak are gehiago zamatuta”.


Horrez gain, iaz Sozietate Zergaren bidez bildutakoa %8,9 jaitsi da Gipuzkoan, 2024arekin alderatuta. Hori ikusita, Iriartek ohartarazi du “zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen, ez baita oso justua zenbait enpresa gero eta etekin handiagoa lortzen ari diren neurrian, Ogasunak geroz eta gutxiago jasotzea”. Horri lotuta, Politika Orokorreko azken osoko bilkuran onartu zen Sozietate Zergaren kenkarien inpaktua aztertzea, eta irailerako izango dugun emaitzak balio beharko luke zergaren araudia berrikusteko, EH Bilduren ustez.


Gauzak horrela, Iriartek berretsi du zerga sistemak balio beharko lukeela herritarren segurtasun materiala bermatzeko, eta aberastasuna era justuan banatzeko. Erreforma fiskal sakona egiteko aukera galdu zuen Aldundiak iaz, baina EH Bilduk uste du inoiz ez dela berandu justizia sozialean urratsak emateko.