AKTUALITATEA


| 2023-12-26 13:58:00

2024ko MUGI sistemaren tarifak eguneratu, eta txartel anonimoa deskontuetatik at utzi du Gipuzkoako Garraio Agintaritzak, EAJ eta PSEren erabakiz.

Espainiako Gobernuak 2024rako garraio publikorako deskontuen behin betiko erabakia hartu aurretik, Mugi sistemako tarifen eta deskontuen inguruko bilkura egin du Gipuzkoako Garraio Agintaritzak. Ondorioz, garraio publikoaren apustuan aurrerago joateko aukera galdu da, % 20ko deskontua kudeaketa ikuspegi soil batetik onartu delako, ez mugikortasun kolektiboaren eta ez trantsizio ekologikoaren aldeko neurri irmo gisa.

EAJ eta PSEren erabakia izan da MUGI sistemako txartel anonimoari deskonturik ez aplikatzea; ondorioz, EH Bilduren ustez, neurri horrekin, gizarteko segmenturik zaurgarriena baztertuta geldituko da. EH Bilduk salatu du EAJren eta PSEren erabakiarekin tarifen hobari politikak atzerakada nabarmena jasaten duela eta, batez ere, gure gizarteko pertsona behartsuenei eragiten diela.