Pasaia, Lezo eta Errenteria/Oreretako alkateek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako eskaerari erantzunez, 2027. urtetik aurrera BICE delakoaren bidez konpentsazio fiskala jasoko dute ezaugarri bereziko azpiegiturak dituzten udalerriek. EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek agerraldia egin du Pasaian gaiaren inguruan xehetasunak emateko Teo Alberro eta Mikel Arrutirekin batera, hurrenez hurren Pasaiako eta Lezoko alkateekin.
Zerga honek, Espainiar estatuko araudian jasota dagoenak, udalerrietan kokatutako ezaugarri bereziko azpiegiturek —hala nola, portuek— sortzen dituzten ondorioengatik tokiko administrazioei konpentsazio fiskala ematea du helburu, Ondasun Higiezinen Zergaren bidez. Nafarroan, Bizkaian eta Araban jada aplikatzen da, eta baita Estatuan ere, baina Gipuzkoan oraindik ez dago indarrean.
“Kostata, baina 2027. urte hasieratik aurrera indarrean egongo da”, adierazi du Maddalen Iriartek. “Egoerak eskatzen du zor historikoak kitatzea eta gaur hemen gaude Pasaiako badiako alkateak zoriontzeko, lortu dutelako 2027tik aurrera, behingoz, Pasaiako Portuaren eraginpean dauden udalerriek pairatzen dituzten afekzioei aurre egiteko zergak jasotzea. Beste kasuetan gertatzen den moduan, Pasaiako portuak, esaterako, Bilboko portuak jada ordaintzen dituen udal zergak ordaindu beharko ditu aurrerantzean”, gehitu du.
Ondasun Higiezinen zergaren aldaketa prozesu betean gaude, aldaketa hori lortu dugu eta EH Bilduren hurrengo erronka izango da OHZ-IBIaren zergan udalek errenta-ahalmenaren arabera progresibitatea ezarri ahal izatea, EH Bilduko alkateek udal tasetan ezarri ohi duten progresibitatea zergara zabaltzeko, zaurgaurrienak babesteko.
Edonola ere, BICEak konpentsazio fiskala ekarriko du, baina aitortutako egoera bati erantzuteko, tresna ekonomiko propio eta iraunkorrak behar dira. “Inguru honetako herriekin, eta beraz herritarrekin, dagoen zorra kitatu egin behar da”, aldarrikatu du Iriartek.
Lezoko alkate Mikel Arrutik, argi azaldu du: “Gure herritarrak dira portuko deskargen eta portuko kamioien zaratak, hautsak, isuriak pairatzen dituztenak. Gurea hiri-portu bat da eta esandako afekzio guztiek portu eremua gainditzen dute”.
Orain arte, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dituela beharrezko moldaketak egin Portua ezaugarri berezietako ondasun kalifikatzeko, azaldu du, “eta horrek dagozkion zergak kobratzea oztopatu digu. Pozten gara behingoz hori bukatuko delako”, gaineratu du.
Pasaiako alkate Teo Alberrok ere ildo beretik hitz egin du. “Gure herritarrak dira euren bizitzak, euren egunerokotasuna guztiz baldintzatuak ikusten dituztenak, portu lurrez inguratuta bizi direlako, lur horietariko askok portu erabilerarik ez badute ere”, azaldu du.
Eta aldarrikatu du badela garaia beste fase batera pasatzeko, “herritarrok behar ditugun inbertsioez hitz egiteko eta portuaren jauntxokeriarekin amaitzeko, gutxienekoa da portuak ordaindu behar dituen udal zergak ordaintzea eta behintzat hori lortu dugu. Gure herritarrek ez dute gutxiago merezi”, bukatu du.