AKTUALITATEA


| 2026-04-22 11:14:00

Orio, Azpeitia eta Orereta/Errenteria Europako Inklusio eta Aniztasun Sarietan finalista eta saridun izatea ez da kasualitatea. EH Bilduren ustez, azken urteotan hiru udalerri horietan landutako politika publiko ausarten emaitza eta aitortza baita. Sarietara izendatu izana bera bada saria. Horrez gain, Errenteriak urrezko bi sari jaso ditu eta Oriok zilarrezko bi.

EH Bilduk gobernatzen dituen Orio, Azpeitia eta Orereta/Errenterian, aniztasuna hitzetan gelditu gabe, ekintza zehatzetan, tresna publikoetan eta komunitatearekin elkarlanean gauzatutako politiketan islatu da. Izan ere, hiru kasuek erakusten dute badagoela aniztasuna kudeatzeko beste modu bat: hurbiletik eta komunitatearen eskutik.


Orioko alkate Anuska Esnalek, esaterako, nabarmen du hiru ekimenen bitartez lortu dutela, inklusioa, berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea erdigunean jartzea. Parrilla Festaren bidez, adibidez, herriko tradizioa modu partekatuan berrinterpretatzen dutela azaldu du, komunitatea indartuz. Aldi berean, Bizitza Askeak Plazer markoaren bidez, indarkeriarik gabeko harreman-ereduak sustatzen ari direla ziurtatu du, eta Saregile Emakumeon* Etxearen bidez lortu dutela zaintza, ahalduntzea eta berdintasuna eguneroko praktika komunitario bihurtzea. Zilarrezko bi sari jaso ditu Anuska Esnal alkateak Bruselan egin den ekitaldian.

Errenterian, berriz, alkate Aizpea Otaegilk azaldu duenez GÜ harrera zerbitzuaren bitartez, herrira iristen diren pertsona guztiei lehen harrera duina ematea lortzen ari direla; informazioa eta orientazioa modu pertsonalizatuan eskaintzen, eta norberak hautatzen duen hizkuntzan. Zerbitzu horren bidez udal baliabideetara sarbidea errazteaz gain, komunitatean parte hartzeko bideak ere irekitzen zaizkie iritsi berriei, herriko eragile eta sareekin harremanak erraztuz. Testuinguru horretan, “Herri bat denon etxe” bezalako kanpainekin herritar guztien kontzientzia astindu, eta harrera herri osoaren ardura partekatu bihurtu dute. Urrezko bi sari eman dizkiote proiektuari.

Eta azkenik, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta azpimarratu du LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak erdigunean jarri dituztela, diagnostikotik ekintzetara igarota. “Oihu bat isiltasunean” ekimena oinarri hartuta, LGTBI+fobiaren aurkako protokoloak garatu dituzte, udal sailak eta komunitateko agenteak koordinatuz eta erantzun instituzional zein komunitarioa indartuz. Horrez gain, espazio publikoan, hezkuntzan eta aisialdian LGTBI+ ikuspegia txertatzen ari dira, kale paisaia berrikusiz eta kultur nahiz aisialdi gune inklusiboagoak bermatzeko irizpideak zehaztuz.


EH Bilduren ustez, hiru alkateek bultzatutako politika publikoek erakusten dute gauzak beste era batera egin daitezkeela, herritarren bizitzak hobetzeko, askotariko identitate, jatorri eta bizipenak aitortuz eta guztiei bizitza duina garatzeko gutxieneko segurtasunak bermatuz. Zentzu horretan, Orion, Azpeitian eta Errenterian egindako lana erreferentzia dela uste du ezker subiranistak, eta bide horretan sakontzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Gipuzkoa osora eredu hori zabaldu dadin.