AKTUALITATEA


| 2024-02-13 16:07:00

EH Bilduk diru bilketaren balantzeak sakontasuna eskatzen duela adierazi die Eider Mendozari eta Jokin Peronari, Finantzen Euskal Kontseiluan landutakoa azaltzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duten agerraldian. Eta gogorarazi du zerga sistema justu eta progresiboagoa izan dadin, EH Bilduren ekimenez aho batez Batzar Nagusietan onartutako zerga sistemaren ponentziari lanean utzi behar zaiola.

 

Mendozak eta Peronak agerraldian esandakoa entzunda, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak adierazi du Herri dirubideen Euskal Kontseiluak arazo bat duela aurreikuspenekin: “Hemerotekari begiratzea nahikoa da ikusteko aurreikuspenekin ez dela fin ibiltzen, eta, ondorioz, beti gainditu egiten dira. Beraz, bada zerbait huts egin eta balorazioa desitxuratzen duena, diagnostiko zorrotzagoa ekidinez”. Hori ez gertatzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko, Iriartek ezinbestekotzat jo du azterketa sakonagoa egitea, konplazentzian erori gabe.

 

Diru bilketari buruzko balorazio positiboaren inguruan ere aritu da Iriarte: “Ez da bakarrik zenbat bildu den, baizik eta nola, nondik eta zertarako biltzen den; diru gehiagorekin betikoa egiteko edo erantzun berriak adosteko”. EH Bildurentzat ez da nahikoa diru bilketa positiboa izatea. Datu horietan desorekak ageri dira, eta horiek, batez ere, langileei eragiten dietenez, zuzendu beharko lirateke.

 

 

Zerga sistemaren ponentzia

 

Urteetan zehar, zerga sistema justu eta progresiboagoa izateko, eztabaida plazaratzeko ahalegina egin ostean, EH Bilduk zerga sistemaren inguruko ponentzia eratzeko eskaera aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, urtarrila bukaeran, eta aho batez talde guztiek onartu zuten.

 

Ponentziaren denborak errespetatu eta denborarik galdu gabe lanean hastea eskatzen dugu EH Bildutik. Izan ere, presaka ibiltzea ez da ona, baina ezer ez aldatzea ere ez. Entzun, aditu eta hamarnaka eragilek egingo dituzten ekarpenak jaso ditzagun”, adierazi du bozeramaileak.