AKTUALITATEA


| 2024-04-17 21:21:00

Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Itziar Murua EAEko hauteskundetako hautagaia Pasaian izan dira, Oarsoaldea biziberritzeko EH Bilduk dituen proposamenen inguruan hitz egiteko.


Itziar Muruak adierazi du EH Bilduk ekonomia berrien aldeko apustua indartuko duela eta berebiziko garrantzia duela hainbat eskualdeetan estrategikoki egin beharreko inbertsioei finantziazioa ematea, Eusko Legebiltzarrak berak zonalde degradatu gisa izendatutakoei bereziki. Legebiltzarreko adostasunaren ondorioz martxan jarri zen Berpiztu Funtsaren bidez, obretan dira azken urtetan: Errenteriako Agustinetako sormen eta kultur industrien polo berria, Oiartzungo poligonoen berrikuntza edota Pasaiako adinberri zahar egoitza berria, besteak beste. Guztiak Oarsoaldeko Garapen Agentziatik landutako plan estrategikoak ere jasoak. “Funts hori handitu eta luzatu egin behar da (2024a baitu epemugatzat), portuaren eta inguruko herrien artean elkarbizitza lortu eta jarduera ekonomiko berriei bide emanez.


Halaber, EH Bilduk apustu garbia egiten du eskualdez eskualdeko garapenaren alde, tokiko garapena eta endogenoa bultzatuz, eta horretarako berebiziko agenteak dira garapen agentziak. Muruaren arabera, “urrera begirako hausnarketa estrategikoa egitea ezinbestekoa da, garapen agentziek protagonismoa irabazi eta duten potentzialiatea nahiko bitartekorekin garatu dezaten, beraiek baitira eskualdez eskualde ditugun beharrak hobekien ezagutzen dituztenak”.


Teo Alberrok adierazi du beharrezkoa dela Oarsoaldean inbertsio publikoa indartzea: “Eskualde honi urteetan egin zaizkion promesak ezin dira bi urtetako funts batean gelditu eta lidergo publikoa funtsezkoa da horretarako. Berpiztu funtsa zabaltzeak, udalekin elkarlanean, bide eman behar dio jarduera ekonomiko berrien instalazioari, ekonomia urdinaren eskutik gure eskualdeko ekonomia dibertsifikatu eta logistikarekiko duen menpekotasuna gutxitu baitaiteke”. Alberroren ustez neurriak martxan jartzeko unea da, eta hala egingo dute udaletik: “Kutsadurak (airea, ura, argiteria eta soinua) kontrolatzeko postu finko eta jarraituak jarriko ditugu eta portu aktibitatearekin mugakideak diren espazioak herritarren eskura jarriko ditugu, Pasaiako lonjako zapaian egindakoa Donibaneko termika zenaren orubean edo Lezoko kaian errepikatuz, besteak beste”.