AKTUALITATEA


| 2020-06-29 19:20:00

Maddalen Iriartek segurutzat jo du gaur Irunen EAJk murrizketak egingo dituela uztailaren 12an irabaziz gero, eta zintzotasuna eskatu dio horregatik Urkulluri. “Jendeari lehenbailehen esan behar dio murrizketak noiz egingo dituen eta guraizea noraino sartuko duen; herritarrok jarraibideak irakurri nahi ditugu hautsitako jostailu bat erosi aurretik”.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei “murrizketak saihestezinak direla eta alternatibarik ez dagoela sinestarazi nahi dieten arren”, Iriartek esan du alternatiba egon badagoela. “Langileen ahaleginari esker oparoaldian milioiak irabazten aritu diren horiei laguntzea eskatzen diegu orain, eta hori erreforma fiskal baten bidez baino ez da posible, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Ezin dugu onartu langileek berriro ordaintzea krisi honen faktura”.

EH Bilduren lehendakarigaiaren irudiko, “galdera ez da Urkulluk murrizketak egingo dituen ala ez, noiz eta non egingo dituen baizik”. Berez, murrizketak martxan daude jada, 2008ko krisialdian erabilitako errezeta bera errepikatuz, funtsezkoak diren zerbitzu publikoetan gainera. “Asko hitz egin dugu hezkuntza eta osasuneko profesionalekin, eta kezkatuta daude, badakitelako Urkulluk murrizketak egin nahi dituela. Dagoeneko egiten ari da. Atzo irakasle kopurua murriztu zuten eta gaur osasun arloko sindikatu guztiak kalera atera dira Urkulluri murrizketak bertan behera uzteko eskatzeko. Gure osasun-langileak akituta daude, lagun bat hil da eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daude. Ez du balio egun batean txalotzera irteteak eta hurrengo egunean bazterrean uzteak”.

Horren haritik, pandemian ezer ez ikastea egotzi dio Iriartek EAJko hautagaiari. “Esaten genuen pandemiatik hainbat ikasgai atera behar genituela. Horietako bat da zerbitzu publiko askoz indartsuagoak behar ditugula jendearen beharrei erantzuteko eta haiek babesteko, baina Urkulluk ez du ezer ikasi ez duelako ikasi nahi”. Bestelako lehendakari bat behar eta merezi du herri honek, “jendeari entzungo diona, jendea ulertuko duena eta akordioak lortzen jakingo duena”.

Otegi: Lau urte galduta ez abertzale, ez sozialista ez den gobernu batekin

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere hartu du hitza Irunen salatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lau urte alferrik galdu ditugula “ez abertzale, ez sozialista” ez den Urkulluren Gobernuaren eskutik. Arnaldo Otegiren ustez, amaitu berri den legealdiak erakutsi du, besteak beste, ez EAJ ez PSE ez direla gai herri honek aurrean dituen erronka handiei aurre egiteko. “Nork ekingo dio trantsizio ekologikoari? Erraustegiak eta AHT egiten ari diren horiek? Nork ekingo dio trantsizio digitalari? Euskaltel saldu zuten horiek? Nork ekingo dio zaintza eskubideak babesteari? Zaintza merkantilizatu dutenek? Nork bermatuko du Osakidetza edo hezkuntza indartsu bat? Murrizketak egin dituztenek eta berriz egitea planteatzen dutenek? Nork bermatuko du aberastasunaren birbanaketa? Zerga politika Iberdrolaren esku dutenek? Nork bermatuko du gure nortasuna eta erabakitzeko eskubidea? Horiei etengabean uko egiten diotenek?”.

Oskar Matute: “Bi bide baino ez, edo murrizketak edo langileen duintasuna”

Maddalen Iriartek bezala, Oskar Matute diputatuak ere azaldu du “bidegurutze historiko honetan bi bide baino ez daudela, edo murrizketen bidea edo langileen duintasunaren bidea”, eta ahotsa altxatzera dei egin die herritarrei, orain hala egin ezean, “krisia berriro ordainaraziko digutelako”. Adierazi duenez, “horregatik eskatzen dugu erreforma fiskal bat aberastasunaren gaineko zerga batekin eta aberastasun handientzako Covid tasa batekin; horregatik eskatzen dugu bankuek itzul ditzatela erreskatearen 60.000 milioiak; horregatik eskatzen dugu PPren lan erreforma bertan behera uztea, eta horregatik esaten diogu Urkulluri zementuaren politikan osasun eta hezkuntzaren baliabideak xahutzeari uzteko, lehentasuna, beti, jendea delako”.