EH Bilduren ekimenez onartu zen Batzar Nagusietan basogintzaren ponentzia abiatzea. Prozesua amaituta, azken txostenari gabezia handiak atzeman dizkio talde subiranistak, eta kontrako botoa eman dio.
EH Bildurentzat garrantzitsua izan da ponentzia abian jartzea, basogintzak emandako zerbitzuen azterketa xehatua egiteko, Gipuzkoako gizarteak klima aldaketaren eta biodibertsitate galeraren aurrean dituen itxaropenei buruz ikertzeko, beharrezko politika eta tresnak ebaluatzeko eta eskaera horiei erantzungo dien etorkizuneko basogintza garatzeko.
Eusko Alderdi Jeltzaleak erabat lerratutako txostena idatzi du, ordea, bere tesi politikoaren eta tesi sektorialen alde lerratutakoa, hain zuzen; ondorioz, ez dira errespetatu ponentzia eskaera egitean adostu ziren metodologia eta jokabide orekatua.
Eta, zehazki, bi eremu garrantzitsutan identifikatu dira gabezia horiek: batetik, ez du islatzen agerraldien edukiek izan zuten aniztasuna; bestetik, zehaztapen zientifikorik gabeko baieztapen ugari agertzen dira. Eneritz Otamendi EH Bilduren batzarkidearen esanetan, eginiko lan guztia aukera galdu bat izan da: “Testua erdibidera ekarriko zuten ekarpenak egin ditugu, baina ez dugu negoziatzeko borondate zintzorik ikusi; foru gobernua sostengatzen duten taldeek ez dute inolako asmorik erakutsi ponentzia honetan parte hartu duten hizlarien aniztasuna bilduko zuen testu bat erdiesteko”.
Laburbilduz, “insignis pinua bestelako espezie batzuekin ordezkatu eta zerbitzu ekosistemikoak martxan jartzea proposatu dute, eta horrek, gure ustez, bi akats ditu: batetik, gure herriarentzat estrategikoa den sektore honentzat bestelako planteamenduak behar dira egungo krisitik ateratzeko; izan ere, espezie ordezkatze batek ez du sektorea errentagarritasun eskasaren atakatik aterako. Bestetik, natura babesteko diskurtso ausart bat behar da: hizlari askok ohartarazi dute lurraldeko habitaten egoera txarraz eta biodibertsitatearen galeraz; lurraren higadura arriskuaz eta uraren zikloak babesteko neurrien beharraz”.
Gai horiei iskin egiteko intentzio argia egon da, baina bada garaia orain arteko inertziak alboratu eta klima larrialdiari aurre egiteko politikak martxan jartzeko.
Horretarako, EH Bilduk lehentasun hauek proposatu ditu:
Basoen babesa eta leheneratzea hobetzea EBko klima eta biodibertsitate helburuak betetzeko.
Baso estalduraren galera murriztea: lehen mailako basoak eta baso helduak babestu.
Karbono gordailuak kontserbatzea.
Hondamendiak eta kalteak jasateko arriskua duten gertakarien prebentzioa hobetzea, basoen erresilientzia bermatuz sute arriskuen eta bestelako arriskuen aurrean.
Kaltetutako eta degradatutako ekosistemen leheneratzea.
Baso kudeaketa iraunkorra bermatzea.
Eta, helburu horiek lortzeko, ondorengo neurriak martxan jartzea lehentasunezkoa dela iruditzen zaio EH Bilduri, eta horrela egiten ari da taldea gobernatzen duen hainbat erakundetan:
Udal jabetzako lurretan bertako basoen landaketa eta presentzia sustatzea.
Aldundiaren ondarezko mendietan, espezie exotikoak erabiltzen badira, Foru Mendi Zerbitzuarekin elkarlanean bertako baso naturalak berreskuratzeko plangintzak lantzeko ekimena hartzea.
Natura 2000 sarean, parke naturaletan eta gune babestuetan, bioaniztasunaren kontserbazioak lehentasuna izatea, eremu publikoetan eta pribatuetan; eta, eremu pribatuetan landaketa exotikoak egonez gero, trantsizio bat zabaldu beharko litzateke bertako basoen birgaitzera bideratzeko. Lur jabe pribatuentzat onura edo dirulaguntzak martxan jarri behar lirateke helburu hori betetzeko.
Beste eremu pribatuetan, monolaborantza arautua eta kalteak saihesteko neurriak sustatzea: matarrasa debekatu malda handiko eremuetan, eukaliptoen landaketa murrizteko neurriak hartu eta landare exotikoen landaketei dirulaguntzak jaitsiz joan progresiboki eta bertako basoa lehenetsi.
Ondorioz, EH Bildurentzat aukera galdu bat izan da, eta foru gobernua osatzen duten taldeen aldetik ardura falta handia deritzogu.