Gipuzkoako aterpetxeetako hamabost lanpostu egonkortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako deialdiaren kontra egin du oraingoan EAEko Justizia Auzitegiak. Guztiek zuten euskara eskakizuna ezarria. Ez da lehen aldia Donostiako auzitegiak emandako epaia berresten duela goragoko auzitegi batek, eta hori ohiko bihurtu ez dadin, beharrezko ikusten du EH Bilduk ezinbestekoa dela gaian esku hartzea. Hizkuntza-politikak egiteko eskumena epaileek bereganatu dute azken aldian modu nabarmenean eta hori denboran luza ez dadin, eta ohiko bihurtu ez dadin, beharrezkoa da, berme juridikoa ezartzea.
Halaber, kezka handiz ikusten du EH Bilduk euskara lan-eskubideekin, talentua erakartzearekin eta kohesio sozialarekin kontrajartzeko egiten diren etengabeko adierazpenak; Uste dugu lan egin behar dela hizkuntza-eskakizunen sistemari eta administrazioan euskararen garapenari segurtasun juridikoa emateko beharrezko lege-aldaketen eta tresna juridiko berrien garapenaren alde.
Gogora ekarri nahi dugu EH Bilduren ekimenez Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari mandatu argia eman zioten gai honen inguruan, alegia, euskarari segurtasun juridikoa emango dioten beharrezko lege-aldaketak eta hizkuntza-politikan jauzi bat egiteko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde lan egitea. Ildo horretan bere lankidetza eskaini zion EH Bilduk aldundiari eta horri eusten dio.
EH Bildu, dagokion arduratik, gaiaren jarraipen zorrotza egiten ari da eta jarraituko du, eta behar diren ekimenak abiatuko ditu, beharrezkoa den foroetan.