AKTUALITATEA


| 2025-05-29 15:01:00

EH Bilduren ustez albiste ona da EAEko Auzitegi Nagusiak Valogreene Paper S.L. enpresari Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen integratua baliogabetu izana. Hasieratik esan zuen Bergarako Udalak Valogreene enpresaren proiektuak ez zuela bat egiten udal planeamenduarekin, eta industria jardueratzat mozorrotu nahi izan zen egitasmoa, benetan, hondakinak errausteko jarduera bat zela.

 

Enpresak berak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Udala eta horren bidez herritarrak nahasteko helburua izan du, hasieratik ez baitu argi adierazi bertan ezarri nahi zuen jarduera zein zen. Eusko Jaurlaritzak onartutako baimenean hainbat salbuespen onartu ziren justifikaziorik gabe, orain agerian geratu denez, arrisku potentziala sortuz herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat.

 

Gorka Artola alkateak eta bere taldeak prozesu osoan zehar herritarren interes orokorra lehenetsiz lan egin dute, instituzio bateko arduradunei dagokien gisan. Erakutsi dute, parean edozein dagoela ere, gauzak ondo egiteak emaitza onak ematen dituela. Hori da EH Bilduren printzipioetako bat. Herritarrek egindako eskaerei erantzutea, haien ongizatea iparrorratz izanda, zuhurtziaz eta gardentasunez.

 

Aitzitik, politika egiteko modu zaharkitu eta interesatuak baliatuz jardun dira beste batzuk, PNV kasu, prozesu osoan, eta Bergarako udal gobernua egiten ari zen lana zalantzan jartzen saiatu dira azken unera arte, herritarrak nahastuz. Zer eta herritarren ongizateari begiratu beharrean, etekin politikoa non atera zezaketen neurtzen.

 

Ez da erraza izan, baina frogatu dugu herri baten duintasuna eta etorkizuna defendatzeko, administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela. Eta horixe izan da gure konpromisoa hasieratik”, esan du Gorka Artolak gaiaren berri emateko egindako agerraldian, eta EH Bilduk hori berretsi nahi du.

 

EH Bilduk politika egiteko, gobernatzeko eredu jakin bat du. Herritarren ongizatea du oinarrizko printzipio, zuhurtziaz, seriotasunez eta gardentasunez aritzen da, eta hala erakusten ari da.